Mundua -
Protestak Turkian
Poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak, Ankaran
Turkiako bost sindikatuk greba orokorra deitu dute gaurko, baina Barne ministroak ohartarazi du ez dutela manifestaziorik baimendu.
Erredakzioa
Istiluen kontrako poliziek ur kanoiak erabili dituzte Ankarako etorbide nagusi batean zirkulazioa geldiarazi duten milaka manifestarien kontra. Turkiako sindikatuek greba orokorra deitu dute gaurko, Erdogan lehen ministroak Istanbuleko Gezi parkea hustea agindu ostean.
"Kalea blokeatzeari utzi behar diozue. Poliziak indarra erabiliko du", ohartarazi dute poliziek, ur kanoiak dituzten kamioietatik.
Langile Publikoen Sindikatuen Konfederazioak (KESK), Langile Iraultzaileen Sindikatuen Konfederazioak, Turkiako Medikuen Eskola Ofizialak (TTB), Ingeniarien eta Arkitektoen Eskola Publikoen Batasunak (TMMOB) eta Dentisten Sindikatuak (TDHB) greba orokorra deitu dute gaurko, Istanbuleko Gezi parkearen hustearen kontra egiteko.
Muammar Guler Barne ministroak ohartarazi du ez dutela manifestaziorik baimendu, eta protesta horietan ez parte hartzeko eskatu du.
"Bost sindikatuetako batek ere ez du baimenik eskatu. Beraz, zergatik utziko diegu?", esan du Gulerrek.
Horren harira, langileek manifestazioetara ez joateko eskaria egin du: "Langileei manifestazioetara ez joateko eskatzen diet; bestela, ondorioak onartu beharko dituzte", gaineratu du.