Mundua -

Tentsioa Turkian

Liskarrak eta atxiloketak ugaritzen ari dira Turkian

Turkiako Polizia bortizki oldartu da manifestarien kontra, Ankaran, eta herrialde osoan miaketak egiten hasi dira.

Ehunka pertsonak elkarretaratze isila eta baketsua egin du Taksim plazan. Argazkia: EFE.
Ehunka pertsonak elkarretaratze isila eta baketsua egin du Taksim plazan. Argazkia: EFE.
Protesta isila Taksimen baina Poliziak, berriz, plaza hustu du

0:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako Poliziak azken egunetako oldarraldirik bortitzena egin du bart, Ankaran. Istanbulen, berriz, manifestariek elkarretaratze baketsuak egin dituzte, Taksim plazaren inguruan.

Ankaran, istiluen kontrako poliziek Kugulu parkea hustu dute gas negar-eragileak eta ur-kanoiak baliatuz.

Oldarraldia goizaldera arte luzatu da, eta, sendika.org webgunearen arabera, manifestari batzuk traumatismoa edota hausturak zituztela eraman dituzte osasun zentroetara.

"Ni Kugulun nago. Polizia gazteen kontra oldartu da, eta bi manifestari ospitalera eramaten ari naiz...", adierazi du Aylin Nazliaka Herriko Alderdi Errepublikanoko diputatuak goizaldean txio baten bidez.

Hiru ordu laurden geroago, parkea guztiz hustu du Poliziak.

Protesta baketsuak Istanbulen

Istanbulen, berriz, pertsona batek aurre egin die Taksim plaza blokeatzen ari ziren poliziei. Hala, ehunka herritarrek harekin bat egin eta elkarretaratze baketsua burutu dute.

Gizon ezezagun hori sei orduz egon da bertan zutik eta isilik, Gobernuak eraitsi nahi duen Ataturk Zentro Kulturalari begira.

Taksimekin Elkartasuna plataformako bozeramaile baten arabera, gizon hori Erdem Gündüz da, artista eszeniko bat, eta horren asmoa hilabetez egunero protesta bera egitea dela gaineratu du.

Poliziak "Duran adam" (zutik dagoen gizona esan nahi du turkieraz; ezizen hori jarri diote Gündüzi) atxilotu du, protesta horrekin bat egin duten beste hainbat lagunekin batera.

Hainbat lekukok esan dutenez, "zutik dagoen gizona" aske utzi dute handik gutxira, baina, horrekin zutik egon diren hamabi pertsona gutxienez autobus batera igo eta bertatik eraman dituzte.

Lau hildako eta milaka zauritu

Azken hiru asteotako protestetan  4 pertsona hil eta 7.822 zauritu direla jakinarazi du Turkiako Medikuen Eskola Ofizialak (TTB).

Zauritu larrien artean, 6 hiltzeko arriskuan daude, 11k ikusmena galdu dute, eta 100 buruko traumatismoak zituztela artatu behar izan dituzte.

Kaleratutako azken txostenaren arabera, Poliziak protestak izan diren tokietatik hurbil dauden osasun zentroei eraso egin diela salatu du TTBk.

Turkiako hedabideek baieztatu dutenez, azken bi egunetan 500 pertsona inguru atxilotu dituzte Istanbulen eta Ankaran.

Miaketa masiboak

Terrorismoaren kontrako indar bereziek herrialdeko hiri nagusietan etxebizitzak eta bulegoak miatzeko operazioa abiatu dute.

Hürriyet egunkariak bere webgunean argitaratu duenez, "jende ugari" atxilotu dute gaur goizean, operazio horren harira.

TRT telebista katearen arabera, gutxienez 25 pertsona atxilotu dituzte Ankaran, 13 Eskisehiren, eta "asko" Istanbulen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Turkia Manifestazioak gaur Ekialde Hurbileko albisteak