Mundua -

Nelson Mandelaren heriotza

Mandelak esanak

Apartheid politikaren aurkako ekintzaile sutsua izan zen Nelson Mandela.  Bakearen Nobel Saria eman zioten 1993an.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arraza arteko berdintasunaren ikur, mundu askeago eta bidezkoago baten aldeko borrokaren aitzindari eta 250 sari baino gehiago jasotako ekintzailea izanik, Nelson Mandelaren hitzek eta ekintzek mundu zabalean izan dute oihartzuna. 95 urtez landutako mundu ikuskeran, esaldi mamitsuak utzi ditu, historian betiko geratuko diren hitzak.

'Aske izatea ez da soilik norberaren kateak askatzea. Gainerakoen askatasuna errespetatuz eta bermatuz bizitzea da aske izatea'

'Gorroto dut arrazakeria, basatia da, datorren lekutik datorrela: berdin da gizon zuri batengandik edo beltz batengandik datorren'

'Ni naiz nire etorkizunaren jabea, nire arimaren kapitaina'

'Sariek ez naute batere arduratzen. Gizona ez da askatasunaren alde borrokatzen trukean sariak jasoko dituelakoan. Dena dela, 1993an, Klerk jaunarekin batera Bakearen Nobel saria jaso behar nuela jakinarazi zidatenean asko hunkitu nintzen'

'Altuera handiko mendi baten tontorrera iristen garenean beti ikusiko dugu badirela igotzeko tontor altuagoak'

'Gutxiengoen eskubide politikoak babestea da demokraziaren funtsa'

'Norberaren garapenerako oinarri nagusia da hezkuntza. Hezkuntzaren bidez, nekazari baten alaba sendagile izan daiteke, meatzari baten semea meatzeko buru edota, zergatik ez, nazio bateko presidentea'

'Denbora modu arduratsuan kudeatu behar dugu. Beti egongo gara gauzak ondo egiteko une aproposean'

'Gizarte demokratiko eta aske baten alde egin izan dut beti lan, pertsonei berdintasunean bizitzeko aukera ematen dien gizarte baten alde. Lortu arte, borrokan jarraituko dut. Are gehiago, helburu horren alde hiltzeko prest nago, beharrezkoa baldin bada'

'Pentsamolde independenteak dituzten lagunak ditut gogoko, arazoak ikuspegi ezberdinetatik ikusarazten laguntzen dutelako'

'Heriotza saihetsezina da. Herriari zor diona egin duela uste duen gizonak bakean har dezake atseden. Ahalegin hori egin dudala uste dut, eta, beraz, lasai egingo dut lo betikotasunean'

'Nik ez nuen sinesmen jakin bat. Gure borroka bidezkoa, sendoa eta geroz eta babestuagoa zela besterik ez nekien'

'Prentsa kritikoa, independentea eta ikerketa bultzatzen duena da demokrazia baten funtsezko osagaietako bat. Estatuarekiko erabat askea izan behar du prentsak. Gobernuen lausengu ekonomikoen aurrean, burujabetasun ekonomikoa izan behar du prentsak. Interesak alde batera utzi, eta zorroztasunez galdetzeko askatasuna izan behar du hedabide batek, inoren mesedetara aritzeko tentazioan erori gabe. Konstituzioaren babes osoa izan behar du prentsak; hala, herritarren eskubideak ere babestuko ditu'

'Herrien askatasuna lortzeko dena emateko prest daudenak dira benetako liderrak'

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea