Mundua -
Ustelkeria Vatikanoan
Prelatu bat atxilotu dute Vatikanoaren Bankuko irregulartasunengatik
Hiru pertsona atxilotu dituzte iruzurra eta ustelkeria egotzita, IOReko ustezko irregulartasunak argitzeko ikerketaren harira.
Erredakzioa
Italiako goi prelatu bat, Italiako zerbitzu sekretuen agente bat eta finantza-artekari bat atxilotu dituzte iruzurra eta ustelkeria egotzita, 'Vatikanoaren bankua' izenarekin ezagunagoa den Erlijioaren Obretarako Institutuaren (IOR) gestioan ustezko irregulartasunak argitzeko ikerketaren harira.
Italiako hedabideek jakinarazi dutenez, Nunzio Scarano da atxilotu duten goi prelatua. Egoitza Apostolikoaren Ondasunen Administrazioko (APSA) kontabilitate zerbitzuko arduraduna da; hala, Vatikanoaren ondasunen kapital osoa gestionatzen du.
Atxilotu dituzten beste biak Giovanni Maria Zito, Italiako zerbitzu sekretuen agente ohia, eta Giovanni Carinzo finantza-artekaria dira. Lehenengoa kargutik kendu zuten duela hainbat hilabete.
Italiako hedabideen arabera, Suitzatik Italiara 20 milioi euro ustez eramateagatik atxilotu dituzte.
Operazioa Italiako Polizia Fiskalak eraman du aurrera, Barbara Callari Erromako epailearen aginduz.
Ez dago argi delitu gehiago inputatu dizkioten edo Erromako Fiskaltzak IORaren irregulartasunen harira zabalik duen ikerketaren harira bakarrik atxilotu dituzten.
Herenegun, asteazkenarekin, Frantzisko aita santuak bost pertsonak osatzen duten batzorde bat izendatu zuen, datozen hilabeteetan 'Vatikanoaren bankuan' gertatzen den guztia ikertzeko.