Mundua -

Evo Morales Vienan atxikita

Evo Morales Vienan atxikita egoteak krisi diplomatikoa sortu du

Boliviako presidentearen hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Vienan, Europako hainbat herrialdek euren lurraldeen gainetik hegan egiteko baimena ukatu ostean.

Evo Morales pilotu batekin hizketan Vienako aireportuan. Argazkia: EFE.
Evo Morales pilotu batekin hizketan Vienako aireportuan. Argazkia: EFE.
Evo Morales pilotu batekin hizketan Vienako aireportuan. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boliviako Gobernuak "harrokeria" inperialtzat jo du Europako hainbat herrialdek Evo Morales presidentearen hegazkinari euren lurraldeen gainetik hegan egin zein bertan lurreratzeko baimena ukatzea, hegazkin horretan Edward Snowden CIAko teknikari ohiak bidaiatu zezakeela uste baitzuten.

"Inperialismoak Boliviako presidentea bahitu du", adierazi zuen atzo Alvaro Linera Boliviako presidenteordeak.

Europako hainbat herrialdek Evo Morales Boliviako presidentearen hegazkinari euren lurraldeen gainetik hegan egiteko zein bertan lurreratzeko baimena ukatzeak krisi diplomatiko bat sortu zuen atzo; izan ere, Boliviako Gobernuaren arabera, Snowden CIAko analista ohia presidentearen hegazkinean dagoela pentsatzea "susmo funsgabea" da.

Moskun goi-bilera batean parte hartu ondoren Boliviarako bidean zihoala, Frantziako aireko espaziotik igarotzeko eta Portugalen erregaia hartzeko geldialdi tekniko bat egiteko baimena ukatu ziotela jakinarazi zioten Moralesi. Ondorioz, bidea aldatu eta larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuten Vienan.

Handik gutxira, Italiak ere debeku bera egin zion, eta Frantziak atzera bota zuen berea.

La Pazen, David Choquehuanca Boliviako Atzerri ministroak gertatutakoa salatu zuen, eta Gobernuaren haserrea azpimarratu zuen, horren ustez, gertatutakok arriskuan jarri baitzuen presidentearen bizitza.

Ameriketako Estatu Batuak "errudun"

Choquehuancak irmo ukatu zuen Snowden Moralesen hegazkinean joatea, eta presidenteak ere Vienatik baztertu egin zuen AEBetako NSA Segurtasun Agentzia Nazionalarentzat lan egin zuen analista ohia hegazkin horretan egotea, eta gai horri buruz ezer ez dakiela esan zuen.

Moralesen arabera, "ez genuen ikusi (Moskun)", eta Errusiako agintariekin ez zuten "inondik inora" horren inguruan hitz egin. Gai horrekin ez duela zerikusirik, eta AEBetako Gobernua kinka larrian jartzen ari den pertsona hori nor zen ere ez zekiela jakinarazi zuen. "Horren izen osoa ere ez nekien, izenik ere ez; AEBekin arazoren bat zegoela besterik ez neukan entzunda", esan zuen Moralesek Vienako aireportuko gela batean.

Boliviako Gobernuaren ustez, AEBetako Gobernua da gertatutakoaren erruduna, eta "Europako herrialde batzuk erabili ditu horretarako", Ruben Saavedra Defentsa ministroaren iritzian.

Saavedrak Austriako aireportuan bertan egindako prentsaurrekoan iragarri duenez, Boliviak "nazioarteko foroetara" joko du "airean igarotzako eskubideak urratu" dituzten gobernuak salatzeko.

Halaber, Boliviako Kantzilertzak jakinarazi du Frantziak eta Portugalek La Pazen dituzten enbaxadoreak deituko dituela argibideak emateko.

Wikileaks webgunearen arabera, Snowdenek 21 herrialderi eskatu die asiloa; besteak beste, Boliviari. Herrialde horretako Gobernuak esan du ez duela inolako eskaerarik jaso, baina jasoko balu, "aztertzeko prest" egongo litzatekeela esan dio Moralesek Errusiako telebista kate bati emandako elkarrizketan.

Erabat aurka

Bloke bolivartarreko hainbat herrialdek (Venezuelak, Ekuadorrek eta Nikaraguak, besteak beste) salatu egin dute Moralesen hegazkinarekin gertatutakoa.

Ekuadorrek iragarri du Hego Amerikako Nazioen Batasuneko (Unasur) Atzerri ministroen ezohiko bilera bat eskatuko duela "ofentsa" hori aztertzeko, eta Boliviak, Amanda Davila Komunikazio ministroaren bitartez, bat egin eskaera horrekin.

Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak, berriz, elkartasuna erakutsi dio Moralesi Twitter bidez, eta "Boliviari egiten diotena guztioi egiten digute", gaineratu du.

Venezuelako Gobernuaren ustez, jazotakoa "eraso zakarra eta basatia" izan da, eta Nikaraguakoaren iritziz, "basakeria".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Munduko albisteak Boliviako albisteak Austria azken ordukoa