Mundua -
Seme baten gurasoak
Erresuma Batuak duke-dukesen semearen jaiotza ospatu du
Erresuma Batuan, egun historikoa izan zen atzokoa, erregetza bereganatzeko oinordekotza zerrendan hirugarren tokia hartuko duen umea jaio baitzen, Cambridgeko duke-dukesen lehenengo semea.
Erredakzioa
Erresuma Batuan, Cambridgeko duke-dukesen semearen jaiotza ospatuko dute gaur, kanoikadak eta Westminsterreko Abadiako kanpaiak joz. Bitartean, herritarrak jaioberriaren izena zein izango den jakiteko zain daude.
Cambridgeko dukesa mutil batez erditu zen atzo St. Mary ospitaleko Lindo gela pribatuan.
Haurtxoaren izenak jakin-min handia sortu du. Hala ere, baliteke hainbat aste itxaron behar izatea zein izango den jakiteko.
Duke-dukesen lehen semeak hirugarren tokia hartuko du Erresuma Batuko tronurako oinordekotzaren zerrendan, eta herritarrek poz handiz hartu dute.
Jaiotza ospatzeko, Errege Zalditeriako Artilleriak 41 kanoi-salba jaurtiko ditu Green Parken, Buckingham jauregitik hurbil, eta, ordu berean, Artilleria Konpainia Ohoragarriak beste 62 kanoikada jaurtiko ditu Londresko Dorretik.
Aldi berean, Westminsterreko Abadiako kanpaiak joko dituzte, eta herrialdeko beste hainbat elizatan gauza bera egitea aurreikusi dute.