Mundua -
Krisi nuklearra Japonian
Fukushimako kudeatzaileak ur erradioaktiboa isuri izana aitortu du
Tepco enpresako ordezkarien arabera, itsasora isuritako ur erradioaktiboaren bolumena oso mugatua izan da, eta, zentralaren aurreko portuan izan denez, itsaso zabaletik isolatuta gelditu da kutsadura.
Erredakzioa
Tokyo Electric Power (Tepco) Fukushimako operadoreak zentraleko sotoetatik itsasora ur erradiaktiboa isuri dela aitortu du.
"Gure barkamen zintzoena eskatu nahi dugu. Ur toxikoa eraikinetik ez irteteko ahal den guztia egin dugu", adierazi du konpainiaren bozeramaileak, Nikkei egunkariak zabaldu duenez.
Dena den, Tepcok uste du itsasora isuritako ur erradioaktiboaren bolumena oso mugatua izan dela, eta, isurketa zentralaren aurrean dagoen portuan izan denez, itsaso zabaletik isolatuta gelditu da ur hori.
Hori dela eta, konpainiak ez du uste ur kutsatu horrek ingurunean kalte handirik sortuko duenik.
Behaketarako putzuetan likido kutsatua aurkitu ostean, Tepcok ur erradioaktiboa isurtzen ari zen susmoa izan zuen, eta, horren harira, Japoniako Erregulazio Nuklearraren Autoritateak (NRA) istripua izan zuen zentral nuklearrak ur kutsatua itsasora eta lurrera isurtzen ari zela iragarri zuen hilabetearen hasieran.
Gaur egun, zentrala desegiteko lanetan arazorik handiena erreaktore nuklearrak hartzen dituzten eraikinetan biltzen den ur kutsatua da, inguruko zonaldeetatik lurpeko ura filtratu eta egunero horren bolumena handitu egiten baita.
Konpainiak 1.000 edukiontzi ditu ur erradioaktibo hori gordetzeko, eta, horri gatza eta partikula erradioaktiboak kendu ostean, erreaktoreak hozteko erabiltzen dute.
Fukushimako ezbehar nuklearra 2011ean jazo zen, eta 3.500 langile dihardute egunero lanean Japoniako zentral horretan, krisi atomikoari amaiera emateko. Aurreikuspenen arabera, lan hori 30 edo 40 urtez luza liteke.