Mundua -

Brasil

624 urteko kartzelaldia, Carandiru sarraskiko 25 arduradunentzat

Kasuko epaileak hilketa bakoitzeko 12 urteko zigorra ezarri die. Epaiari helegitea jartzeko aukera izango dute, eta, bien bitartean, ez dituzte kartzelan sartuko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brasilgo auzitegi batek 624 urteko kartzela zigorra ezarri die 25 poliziari, Sao Pauloko Carandiru kartzelan gertatutako sarraskian parte hartzea egotzita.

Rodrigo Tellini de Aguirre Camargo epaileak goizaldean jakinarazi du epaia, eta prozesuaren bigarren zatiari dagokio; izan ere, lau zatitan banatu dute auzia eta guztira 78 polizia eseriko dira akusatuen aulkian.

Hilketa bakoitzeko 12 urteko kartzela zigorra ezarri die. Epaiari helegitea jartzeko aukera izango dute, eta, epai irmoa ez den bitartean, ez dituzte kartzelan sartuko.

Carandiruko kartzelako presoei tiro egitea egotzi die epaimahaiak. Fiskaltzak 73 hilketaren arduradun jotzen ditu 25 polizia horiek, baina epaileak 21 hilketaren ardura kentzea erabaki zuen atzo. Hilketa horietako asko kartzelako beste gune batzuetan gertatu ziren eta lau lagun inguru arma zuriz hil zituzten, eta horregatik presoen arteko istiluetan hil zirela ebatzi du epaileak.

1992ko urriaren 2an gertatu zen sarraskia Carandiruko kartzelan, presoen arteko liskarrak baretzeko indarrez sartu zen Polizia eta dozenaka lagun hil ziren.

Apirilean egin zen epaiketaren lehen zatia, eta 23 poliziari 156 urteko kartzela zigorra ezarri zien epaileak. Ubiratan Guimaraes koronel zenak agindu zuen polizia-operazioa eta 2001ean 632 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, baina bost urte geroago absolbitu egin zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea