Mundua -
Polemika
Pederasta espainiarraren informaziorik ez zuela esan du Mohamed VI.ak
Aste honetan, Marokoko erregeak indultua eman dio 11 adingaberi sexu gehiegikeriak egin zizkien gizona. Gertatutakoa argitzeko, ikerketa agindu du.
Erredakzioa
Mohamed VI.a Marokoko erregeak pederasta espainiarrari buruzko informaziorik ez zuela adierazi du ohar bidez. Aste honetan, indultua eman eta aske utzi du Daniel Fino Galvan, 11 adingaberi sexu gehiegikeriak egitea egotzita, 30 urteko kartzela-zigorra bete behar zuen espainiarra. Gertaturikoa argitzeko, ikerketa agindu Marokoko erregeak.
"Presoak egindako krimen krudel horien informaziorik ez zuen jaso Mohamed VI.ak", adierazi du Marokoko Errege Etxeak MAP albiste agentziari bidalitako ohar batean.
Marokoko erregeak ikerketa bat agindu du, gertatu diren akatsen zergatia aurkitzeko eta erantzukizunak zehazteko.
30 urteko kartzela zigorra ezarri zion Daniel Fino Galvar espainiarrari 11 adingaberi sexu gehiegikeriak egitea eta horiek bideoz grabatzea egotzita.
Tronuaren Jaiaren baitan, 48 preso espainiarri indultua eman zien Mohamed VI.ak, Juan Carlos erregeak egindako eskari bati erantzunez. Marokoko Gobernuak eta Espainiako Atzerri Ministerioak elkarri leporatu diote indultatuen zerrendan preso hori egotea.
Marokon protesta handiak eragin ditu preso hori aske uzteak. Sare sozialen bidez hainbat manifestazio antolatu dira eta Marokoko poliziarekin enfrentamendu gogorrak izan dira kalean.