Mundua -
Atentatuen arriskuagaitik
AEBek Yemenetik 'lehenbailehen' ateratzeko esan die bere herritarrei
Azken orduetan, Al Kaidako ustezko lau kide hil dira, estatubatuarrek 'drone' edo gidaririk gabeko hegazkinen bidez egindako eraso baten ondorioz, Yemeneko tribuek aditzera emandakoaren arabera.
Erredakzioa
AEBek Yemenetik "lehenbailehen" ateratzeko abisua eman die Yemenen bizi diren estatubatuarrei eta misio diplomatikoan behar-beharrezkoak ez diren langileei, atentatu arriskuak gora egin duelako. Erresuma Batuak ere beste horrenbeste egin du.
"Segurtasun Sailak Yemera bidaiatzeko asmoa dutenei bidaia atzeratzeko eskatzen die, eta, bertan daudenei, lehenbailehen atera daitezela", esan du AEBek Interneten jarritako oharrean.
"Gaur, 2013ko abuztuaren 6an, Estatu Sailak premiazko misioan ez dauden gobernuko langileei bertatik ateratzeko agindua ematen diegu, atentatuen arriskua ikusita".
AEBetako segurtasun neurriak gogoratu egin dira azken egunetan. Iragan ostiralean, esaterako, bi dozena enbaxada ixtea erabaki zuten, batez ere Ekialde Hurbilean eta Ipar Afrikan, atentatu terroristen arriskuak gora egin duelako.
Ayman al Zawahiri Al Kaidako buruak erakunde horrek arabiar penintsulan duen arduradunarekin izandako komunikazioak atzeman ondoren hartu zuten ordezkaritza diplomatikoak ixteko erabakia. Antza, atentatu handi bat egiteko agindu zuen Al Zawahirik.
Al Kaidako ustezko lau kide hil dira
Bestalde, Al Kaidako ustezko lau kide hil dira Yemenen, estatubatuarrek 'drone' edo gidaririk gabeko hegazkinen bidez egindako eraso baten ondorioz, bertako tribuek aditzera emandakoaren arabera.
Tribuen buruzagiek diotenez, bost misilek ibilgailu bat jo dute Maarib probintzian eta barruan zihoazen pertsonak hil egin dira.