Mundua -
Urriko legegileei begira
Ofizialismoa izan da garaile Argentinako hauteskunde primarioetan
Hala ere, Buenos Airesen bigarren geratu da Cristina Fernandezen Frente para la Victoria alderdia. Botoen ia 100 % zenbatuta, Gobernuko alderdiak botoen % 26 eskuratu du, eta bigarrenak % 13,5.
Erredakzioa
Ofizialismoak irabazi ditu Argentinako hauteskunde primarioak, herrialde mailan, urriaren 27ko hauteskunde legegileei begira. Hala ere, dena ez da ona izan agintean dagoen alderdiarentzat; izan ere, herrialdeko barruti handienean, Buenos Airesen, bigarren geratu da.
Diputatuen primarioetan, botoen % 97,3 zenbatuta, Cristina Fernandez presidentearen Frente para la Victoria (FPV) alderdiak % 26,31ko babesa jaso du, eta atzetik geratu dira Frente Renovador alderdia, botoen % 13,54rekin, eta Frente Progresista Civico y Social (% 8,27).
Senatuaren kasuan, botoen % 98,34 zenbatuta, FPVk botoen % 27,45 jaso ditu, Frente Unenek % 12,01, eta Union Prok % 11,77.
"Hauteskunde aurreko aukeraketa bada ere, Frente para la Victoriak gehiengoari eutsiko diola edo ordezkari kopurua handituko duela esan genezake", adierazi du Cristina Fernandez Argentinako presidenteak, alderdikideen aurrean egindako agerraldian.
"Lehenengo indarra gara herrialde mailan eta, gainera, Gobernua gara", azpimarratu du agintari argentinarrak.
Buenos Aires, oposizioarentzako
Buenos Aires probintzian, herrialdeko barruti jendetsuenean, ordea, botoen % 97 zenbatuta, Sergio Massa izan da garaile, oposizioko Frente Renovador alderdikoa. Oposizioko ordezkariak botoen % 35,05 eskuratu du, eta Martin Insaurralde ofizialista bigarren geratu da, % 29,65eko babesarekin.
"Beste pauso bat eman dugu urrirako fronte politiko berri bat eraikitzeko. Eskerrak eman nahi dizkiet botoa ematera joan diren milioika herritarrei, Buenos Aires probintzian garaipen nabarmena lortzen lagundu naute", adierazi du Massak, Fernandezen Gobernuko kabinete buru ohiak.
Urriko hauteskunde-legegileak
Primarioetan parte hartzea nahitaezkoa da urriaren 27ko hauteskunde legegileetan parte hartuko duten alderdi edo aliantza guztientzat.
Urriko bozak giltzarri izango dira Fernandezen etorkizun politikorako, 2011n botoen % 54rekin berriro presidente hauta ostean.
Fernandezen jarraitzaile askok eskatu dio presidenteari 2015ean hirugarren agintaldirako aurkeztea, baina horretarako Konstituzioa aldatu beharra dago, eta urrian jakingo da Fernandezek hori lortzeko nahikoa babes izango ote duen.