Mundua -
Bake negoziazioak
Israelek askatuko dituen 26 preso palestinarren zerrenda jakinarazi du
Aste honetan geratuko dira libre, 20 urte preso egon ostean. Bake negoziazioei berriro ekiteko jarri zen baldintzetako bat da.
Erredakzioa
Israelek publiko egin ditu aste honetan libre utziko dituen 26 preso palestinarren izenak, bake negoziazioei berriro ekiteko jarritako baldintzetako bat betetze aldera.
Horietako ia guztiek dagoeneko 20 urte baino gehiago eman dituzte preso. Gehienak israeldarrak edo israeldarren laguntzaile palestinarrak hiltzea leporatuta zigortu zituzten bere garaian.
Israelgo Kartzela Zerbitzuak Internetez jakinarazi ditu izenak, egunotan helegiteak jartzeko aukera egon dadin.
Meir Indor Israelgo biktimen senideen elkarte bateko buruak adierazi duenez, "egun tristea da senideentzat eta Israelgo gizartearentzat", 26 preso palestinar askatuko dituztelako.
Hala ere, neurri hau hartu aurretik, Israelgo Gobernuak iragarri zuen mila etxe berri eraikiko dituztela okupatutako lurraldean, eta horrek atsekabe handia eragin du Palestinan.
Bake negoziazioak asteazkenean hasiko dira, Jerusalemen, bost urtez geldirik egon ostean.