Mundua -
Oslon
Lehen ministro norvegiarrak taxi bat gidatu du iritziak jasotzeko
Ekimena ekaineko arratsalde batean egin zuten. Autoa kamera ezkutuz betea zegoen bezeroen erreakzioak jasotzeko.
Erredakzioa
Jens Stoltenberg lehen ministro norvegiarra taxi gidariaren uniformea jarri eta Osloko kaleetara joan zen bezero bila. Ekimen horrek hiritarren iritziak jasotzea zuen helburu.
Ekimena ekaineko arratsalde batean egin zuten. Autoa kamera ezkutuz betea zegoen bezeroen erreakzioak jasotzeko, eta horiek hala nahi bazuten, publizitate kanpaina batean parte hartzeko.
"Bezeroetako" batzuk zoriz aukeratu zituzten, baina beste batzuk taxira eraman zituzten gidaria Stoltenberg zela jakin gabe. Lehen ministroa gidariz jantzita zihoan goitik behera, 'Oslo Taxi' konpainiako txartel batekin bularrean.
Arriskuan ikusi zuten beren bizia
Azkenean gidaria nor zen ohartu ziren bidaiari guztiak, eta horietako batzuk eztabaida politikoan hasi ziren. "Niretzat oso garrantzitsua da jendeak benetan pentsatzen duenaz ohartaraztea, eta pentsazen duten guztiaz hitz egiten duten leku bat badago, leku hori taxia da", adierazi du lehen ministroak.
Grabazioan argi geratzen da Stoltenberg ez dela oso abila autoarekin, eta bezeroetako batzuk beren bizia arriskuan ikusten dutela diote erdi txantxetan. Ibilbide batean, lehen ministroak esku-frenoa abiadura-palankarekin nahasten du. Eskerrak martxak automatikoak ziren.