Mundua -
Wikileaks
Gaur jakinaraziko dute Manningen kontrako ebazpena
Soldadu estatubatuarrari 20 kargu leporatzen dizkiote, espioitza legea urratzea eta Gobernuari informazioa lapurtzea besteak beste, eta 90 urtera arteko kartzela-zigorra jaso dezake.
Erredakzioa
Gaur jakinaraziko dute Bradley Manningen kontrako ebazpena, Wikileaksi egin zion AEBen agiri sekretuen filtrazioagatik. Euskal Herrian 16:00ak izango direnean irakurriko dute ebazpena, Denise Lind epaile militarrak iragarri duenez.
Soldadu estatubatuarrari 20 kargu leporatzen dizkiote, espioitza legea urratzea eta Gobernuaren informazioa lapurtzea besteak beste, eta 90 urtera arteko kartzela-zigorra jaso dezake. Hala ere, ez dute "etsaiari laguntzeagatik" auzipetuko, eta hori zen jaso zezakeen akusazio larriena, bizi-arteko kartzela-zigorra ekar ziezaiokeena.
Hala ere, Fiskaltzak 60 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen Manningen kontra, geratzen zaion bizitzaren zati handiena kartzelan igarotzea merezi duela iritzita.
Defentsaren ustez, ordea, soldadu estatubatuarrak ez ditu 25 urte baino gehiago igaro behar kartzelan, filtratutako agiriak desklasifikatu egingo baitira ordurako.
2011ko abenduan hasi zen Manningen kontrako prozesua, Fort Meadeko (Maryland) auzitegi militarrean, eta epaiketa aurtengo ekainean hasi zen eta gaur amaituko da, ebazpena irakurri ostean.
Soldadu estatubatuarra inteligentzia zerbitzuetako analista izan zen 2009ko udazkenetik 2010eko maiatzera, eta Irakeko eta Afganistango gerrari eta Estatu Departamentuaren kable diplomatikoei buruzko 700.000 dokumentu klasifikatu filtratu zizkion Wikileaksi.
AEBetako Gobernuak segurtasun nazionala eta urteetako lan diplomatikoa kolokan jartzea leporatu zion soldaduari.
Manningek aitortu egin zuen filtrazioa egin izana, eta barkamena eskatu zuen egindako kalteagatik.