Mundua -

Egipto

Anaia Musulmanen kideen kontrako epaiketa urrira atzeratu dute

Mubarak bestalde helikopteroan eraman dute epaitegira. Gaur hasi da haren kontrako epaiketa, eta boteretik botarazi zuten protestatan parte hartzen ari ziren manifestariak hiltzea egotzi dio epaileak.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Mubaraken eta Anaia Musulmanen epaiketa urriaren 29ra atzeratu da

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da Anaia Musulmanen kideen kontrako epaiketa Egipton, baina akusatuak ez dira auzitegira agertu eta epaileak urriaren 29ra atzeratu du epaiketa, iturri judizialek jakinarazi dutenez.

Egiptoko Gorte Gorenean hasi da epaiketa, eta Anaia Musulmanen kideen abokatuak agertu dira epaiketara. Bertako eta atzerriko hedabideen artean ikusmin handia sortu du epaiketak eta kazetari andana gerturatu da.

Mohamed Badia, Jairat Al Shater eta Rashad Bayumi Anaia Musulmanen buruzagiei ekainaren 30eko manifestazioetan hilketak bultzatzea egotzi die epaileak. Kairo hiriburuko Al Muqatam auzoan 9 pertsona hil eta 90 zauritu ziren Anaia Musulmanen egoitzaren aurrean izandako istiluetan.

Fiskaltzak hilketak eragitea eta beste hiru inputaturi dirua eta armak ematea egotzi die. Anaia Musulmanen egoitza barrutik tiro egin zieten Mursiren kontrako manifestariei, Fiskaltzaren arabera. Asteartean atxilotu zuten Anaia Musulmanen ustezko buruzagia, eta behin behinean Torako kartzelan sartu dute.

Epaiketa Mubarak presidente ohiari

Kairoko auzitegiak datorren irailaren 14ra arte atzeratu du Hosni Mubarak presidente ohiaren aurkako prozesua, igande honetan Fiskaltzak aurkeztutako froga berriak aztertu ahal izateko.

Fiskaltzak froga berriak aurkeztu ditu, beraz, epaitegiak prozesua bertan behera utzi du. Hurrengo saioa irailaren 14an izango da, 'Al Ahram' kazetak zabaldu duenez. Hiru batzordek aztertuko dituzte dokumentuak, horietako batzuk Mubarakek ustez egindako hainbat ustelkeriei buruzkoak izanda.

Gaur Mubarak epaitegian izan da berriro ere. Helikopteroan heldu da epaitegira. Ostegunean atera zen Torako kartzelatik eta geroztik Maadiko ospitale militarrean bete du epaileak ezarritako etxeko atxiloaldia.

Habib al Adli eta bere beste 6 laguntzaile ere epaituko dituzte, manifestariak hiltzea egotzita.

Bestalde, Mubaraken Alaa eta Gamal semei ustelkeria eta dirua bidegabe irabaztea egotzi die epaileak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea