Mundua -
Gatazka Sirian
Burtsek behera eta petrolioak gora, Siriaren aurkako erasoaren beldur
Europako, Asiako eta Amerikako burtsa garrantzitsuenek beherakada orokorrak jasan dituzte, eta petrolioa garestitu egin da.
Erredakzioa
Egun gutxi barru indar armatu atzerritarrek Siriaren kontrako erasoa egingo dutela uste du mundu osoak, eta horrek eragin ekonomiko txarra izan du nazioartean.
Hori horrela, Espainiako burtsak % 2,96ko beherakada izan zuen atzo, azken bi hilabeteetako jaitsiera handiena, eta 8.400 puntutik behera geratu zen saio amaieran.
Arrisku-saria 257 puntutik 265era igo zen bitartean, Espainiako burtsan erreferentzia den Ibex 35ak (balore guztiek egin zuten behera) % 2,96 galdu zuen, 255'9 puntu, eta 8.394 puntutan geratu zen, uztaileko mailan.
Euroa 1,338 dolarreko prezioan zegoen bitartean, Europako gainerako herrialdeetako burtsetan ere jaitsierak izan ziren, eta Euro Stoxx 50 indizeak % 2,56 egin zuen behera, Parisekoak % 2,42, Milanekoak % 2,34, Frankfurtekoak % 2,28; eta Londresekoak, % 0,79.
Dow Jonesek % 1,14 galdu du
AEBetan, Wall Streeten galerak areagotu egin ziren eta Dow Jonesek % 1,14ko beherakada jasan zuen, Siriarekiko tentsioak gora egiten zuen heinean.
Sao Pauloko burtsa ere kutsatu egin zen munduko gainerako merkatuen joeragatik, eta % 2,6ko beherakadarekin itxi zuen saioa.
Tokiok % 2 baino gehiago galdu du
Tokioko burtsan ere galerak % 2tik gorakoak izan ziren, AEBek Siriari eraso egingo ote dion beldur baitira, eta yenaren igoera dela eta.
Petrolioaren garestitzea
Petrolioaren prezioan ere eragin nabarmena izan du nazioarteko tentsio politikoak, eta Brent upela, Europan erreferentzia gisa erabiltzen dena, % 3,2 garestitu da, 114,28 dolarrera arte, eta otsaileko mailan kokatu da.
AEBetako Texaseko petrolioa ere nabarmen garestitu da, % 2,91 hain zuzen ere, eta 109,01 dolarrean kokatu da upelaren prezioa, 109 dolarretik gora kokatzen den lehenengo aldia azken 18 hilabeteetan.