Mundua -
Siriako gatazka
Siriako Armada Elektronikoaren erasoa, 'New York Times'en webguneari
Al Assaden Gobernuaren jarraitzaileak dira 'hacker' horiek, eta zerbitzutik kanpo utzi dute webgunea behin baino gehiagotan.
Erredakzioa
Siriako Armada Elektronikoak erasoa egin du New York Times egunkari estatubatuarraren webgunearen kontra eta behin baino gehiagotan zerbitzutik kanpo utzi du, AEBetako armadak eta aliatuek ustez datozen orduetan Siriari egingo dioten eraso militarrari erantzute aldera.
Marc Frons egunkariko Informazio ataleko buruak azaldu duenez, "Siriako Armada Elektronikoak, edo haien papera jokatzen saiatu den norbaitek", hainbat eraso egin zizkion egunkari estatubatuarraren webguneari atzo arratsaldean.
Fronsen arabera, lehenengo erasoa hango 15:00etan (Euskal Herriko 21:00etan) gertatu zen, eta zerbitzutik kanpo utzi zuen webgunea. Erasoari aurre egitea lortu bazuten ere, beste eraso batzuk etorri ziren gero.
New York Times-ek eraso informatiko ugari jasotzen ditu urtero, baina Siriako Armada Elektronikoaren lehenengoa da, orain arte CNNri, Washington Posti eta Associated Press (AP) albiste agentzia izan baititu jomugan.
Siriako Armada Elektronikoa 'hacker' talde batek osatzen du, eta 2011n sortu zen, Bashar al Assad Siriako presidenteari babesa emateko. Mendebaldeko prentsaren bertsioari aurre egitea da bere helburu nagusia.