Mundua -
G20ren bilera
Ikusmin handia sortu du Obamaren iritsierak San Petersburgon
"Oraingoz ez da Siriari buruzko bilera berezirik aurreikusi, baina dena agintarien esku dago", adierazi du Vladimir Putin Errusiako presidentearen bozeramaileak.
Erredakzioa
G20ko agintariak hasi dira iristen San Petersburgon (Errusia) egingo duten bilerara, eta gai nagusiak hazkunde ekonomikoa eta enplegua izango badira ere, Siriako krisiaren itzalak dena estal dezake.
Hori horrela, dagoeneko egin dituzte lehenengo bilerak, Putinek Japoniako lehen ministroarekin egin duena adibidez, eta bertan lur hartu dute jada Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eta Barack Obama AEBetakoak. Azken horren inguruan sortu da ikusmin handiena, Sirian eraso militarra egiteko aukeraren inguruan egin ditzakeen adierazpenengatik batez ere.
Arratsaldean hasiko da ekitaldia ofizialki. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, G20ren txandakako buruak, gainerako estatuetako agintariak hartuko ditu Konstantino Jauregian.
Ondoren, goi agintariek bilera egingo dute, Euskal Herriko 16:00ak aldera, "hazkunde ekonomikoaz eta mundu mailako ekonomiaz" hitz egiteko, eta gero afaria egingo dute, "hazkundea eta denon garapena" hizpide, programa ofizialean agertzen denez.
Siria
Agintariek gaurko goiza aprobetxatuko dute, ekitaldi ofizialen aurretik, aldebiko bilerak egiteko, eta bertan jorratu ahal izango dituzte gaurkotasun politikoko gaiak.
Besteak beste, Bachar al Asaden Siriako Gobernuaren kontra eraso bat egitea aztertuko dute, eta Barack Obama AEBetako presidenteak babesa bilatuko du.
Siriako krisia agenda ofizialetik kanpo badago ere, gai nagusi bihur daiteke, eta Errusiako Gobernuak ez du baztertzen eztabaida formala antolatzea.
"Oraingoz ez da Siriari buruzko bilera berezirik aurreikusi, baina dena agintarien esku dago", adierazi du Dmitri Peskovek, Vladimir Putin Errusiako presidentearen bozeramaileak.
Jarrera, Siriako gatazkaren aurrean
Kremlineko burua da Siriaren aliatu nagusietako bat eta Sirian eraso militarra egitearen kontra agertu da. Hala ere, Putinek atzo esan zuen eskuhartze militarra babesteko prest dagoela Damaskok arma kimikoak erabili zituela frogatzen bada eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren oniritzia izanez gero.
AEBek duten laguntzaile nagusia, François Hollande Frantziako presidentea, ere goi-bileran izango da eta aldebiko bilera egingo du bihar Obamarekin.
Putin, berriz, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin, Enrico Letta Italiako lehen ministroarekin, Shinzo Abe Japoniakoarekin, Xi Jinping Txinako presidentearekin eta Park Geun-hye Hego Koreakoarekin bilduko da.