Mundua -
Urrezko Egunsentia
Istilu larriak Grezian, abeslari ezkertiar baten hilketaren ondorioz
Urrezko Egunsentia alderdi neonaziko kide bat da ustezko hiltzailea. Gertaerak iskanbila sortu du Grezian, baita eskuin muturreko taldeen inguruko eztabaida berpiztu ere.
Erredakzioa
Grezian istilu larriak izan dira asteazken honetan, hip hop abeslari ezkertiar baten hilketaren ondorioz. Eskuin muturreko ‘Urrezko Egunsentia’ alderdiko kide bat da ustezko hiltzailea.
Pavlov Frissas hip hop kantari ezkertiarra bularrean labana sartuta hil zuten Atenasen astearte gauean, Olympiakosek eta Paris Saing Germainek jokatutako futbol partidaren ostean.
Poliziak jakitera eman duenez, lagun talde batekin kafetegi batean zela, futbolari buruz hizketan hasi eta politikaz eztabaidatzen bukatu zuten. Eztabaida muturrera eraman eta ‘Urrezko Egunsentia’ alderdiko kide batek labankada eman zion kafetegitik irtetzean.Erasotzailea berehala atxilotu zuen poliziak.
Hilketak kezka eta haserrea eragin ditu Grezian. Ehunka lagunek hilketa salatzeko elkarretaratzea egin dute bart, eta ‘Urrezko Egunsentia’ eta eskuin muturreko taldeei buruzko eztabaida berpiztu egin da Atenasen. Greziako Parlamentuan 300 eserlekuetatik 18 ditu Urrezko Egunsentia alderdi neonaziak, eta, ekonomia krisiaren eraginez, gero eta jarraitzaile gehiago ditu.