Mundua -
Kenian
20 hildako inguru Nairobin, merkataritza zentro bateko tiroketan
Lehen informazioen arabera, erasotzaileek dendako langile eta bezero batzuk gatibu hartu dituzte eta Poliziak horietariko batzuk askatzea lortu du.
Erredakzioa
20 pertsona inguru hil dira eta beste hamarka zaurituta daude armadun talde batek Nairobiko merkataritza zentro bati egindako erasoan, Keniako The Standard egunkariaren arabera.
Zenbait lekukoek esandakoaren arabera, erasotzaileak 10 pertsona inguru dira, janzkera arabiar tradizionala daramate eta Westgate merkatal zentroan sartu direnean, tiroka hasi dira inor bereizi gabe.
Lehen informazioen arabera, erasotzaileek dendako langile eta bezero batzuk gatibu hartu dituzte eta Poliziak horietariko batzuk askatzea lortu du.
Inguruko kaleak, itxita
Agenteek merkatal zentroa inguratu egin dute eta gunea airetik zaintzen ari dira. Inguruko kaleak ere itxi egin dituzte. Merkataritza zentroa Nairobiko alde aberatsean dago.
Barne Ministerioak Poliziaren lanaz informaziorik ez emateko eskatu die hedabideei, Twitterren duen kontu ofizialaren bidez. Erabaki horrekin erasotzaileek erraztasunik izatea saihestu nahi dute. Beste eskaera bat ere egin du Ministerioak: hildakoen kopurua ez puzteko.