Mundua -
Nairobiko merkataritza-gunea
Al Shabab-ek jarritako lehergailuak indargabetu ditu Kenyako Poliziak
Tiro hotsak entzun dituzte gaur Westgate merkataritza-gunearen kanpoaldean, baina Kenyako Poliziak zona kontrolpean duela ziurtatu du.
Erredakzioa
Al Shabab Somaliako milizia erradikaleko kideek jarritako lehergailuak indargabetzen ari da Kenyako Polizia Nairobiko merkataritza-gunean, Poliziak berak Twitter sare sozialean jakitera eman duenez.
"Propagandistak alde batera utzi", eskatu du Kenyako Poliziak. Oraindik ekintzaileak merkataritza-gunean daudela zabaltzeko microblogging sarea erabili dute terroristek.
Kenyako iturri ofizialek BBC telebistari jakitera eman diotenez, gutxienez sie erasotzaile hil dituzte bahiketa hasi zenetik.
Nicholas Kay NBEko ordezkari bereziak (Somalian) baieztatu duenez, Al Shabab miliziak Al Kaida eta Kenyako talde estremistekin loturak ditu.
Kontrolpean, baina tiro gehiago
Tiro hotsak entzun dituzte gaur merkataritza-gunearen kanpoaldean, baina Kenyako Poliziak zona kontrolpean duela ziurtatu du.
Westgate merkataritza-guneko kanpoaldea. Argazkia: EFE
Egunsentian tiroketa laburra gertatu da eta ordu batzuk geroago tiro hotsak entzun dituzte berriro Westgate inguruetan.
Gaua oso lasaia izan da, atzo leherketak eta merkataritza-gunean sute handi bat piztu ostean.
Hamar susmagarri baino gehiago atxilotu dituela jakinarazi du Poliziak. Gutxienez 62 pertsona hil dira bahiketan, eta beste 180 zauritu dira.