Mundua -
Grezia
Egunsenti Urrekara alderdiko buruzagitza atxilotu du Poliziak
Pasa den astean, Pavlos Fyssas hip hop kantaria eta ekintzailea hil zuten eta horren heriotzarekin lotzen dute Mijaloliakosen atxiloketa.
Erredakzioa
Egunsenti Urrekara neonazien alderdi politikoko buruzagia, Nikolaos Mijaloliakos atxilotu du Poliziak, eta operazio berean bere alderdiko beste hainbat kide ere atxilotu ditu. Izan ere, pasa den astean Pavlos Fyssas hip hop kantaria eta ekintzailea hil zuten eta horren heriotzarekin lotzen dituzte gaurko atxiloketak.
Atxiloten artean daude Ilyas Kasidiaris, Egunsenti Urrekara alderdiaren bozeramailea Greziako Parlamentuan, beste lau diputatu eta Pavlos Fyssas hiltzea aitortu duen Yorgos Rupakias gizonezkoaren auzoko antolakuntza idazkaria.
Bi diputatuk beren burua entregatu dute, eta alderdiko bigarrena, Jristos Pappas diputatuak ihes egin du.
Bestalde, segurtasun indarretako bi kide atxilotu dituzte, eta hirugarren baten bila ari dira.
Atxikoketok egin diren egun berean, bestalde, Gobernuaren dimisioa eskatzeko, Ejerzitoaren indar berezien erreserbako elkarteak eta aktiboan dauden militarrek manifestazio deia egin dute.
Guztira, Fiskaltzak Egunsenti Urrekara alderdiaren kontra 38 atxiloketa agindu eman ditu eta horien artean, sei diputatu daude. Hainbat diputatu eta goi kargu beraien etxeetan izan dira atxilotuak egunsentian, eta Ilyas Panayótaros diputatua, berriz, Poliziara entregatu da. Egunseti Urrekarako kideei, talde kriminala eratzea leporatzen die Poliziak, azken hilabeteetako eraso arrazistekin zerikusia dutelakoan. Halaber, alderdiaren finantziazio iturrien inguruan ikerketa zabalik dago.
Europako batzordea gaia gertutik jarraitzen ari da
Grezian gertatzen ari dena arretaz jarraitzen ari da Europako batzordea, eta Greziako justiziak beharrezkoak diren neurriak hartuko dituenaren esperantza adierazi du Europako batzordeak ohar batean.
Kasu horrek ez duela Greziako Gobernua ezegonkortuko ohartarazi dio Greziako Gobernuak troikari.
Egunsenti Urrekara alderdiko parlamentari guztiek dimisioa ematen badute, eta horien ordezkoek karguak hartzeari uko egiten badiete hauteskunde partzialak deitu beharko dituzte ordezkoak aukeratzeko.
Greziako Gobernuak alderdia ikertuko du
Egunsenti Urrekara alderdiaren gaineko ikerketa ez dago itxita, eta norabide guztietan ikertzen jarraituko dute harik eta bukatu arte, Gobernuak jakinarazi duenez.
Nikdos Dendias Greziako Ordena Publikoko ministroak egun historikoitzat jo du gaurkoa Greziarentzat eta Europarentzat.