Mundua -
Dokumentazioa
Zer gertatuko da AEBetako 2,1 milioi funtzionarioekin?
800.000 langile etxean geratu beharko dira eta, krisia konpondu arte, ez dute soldatarik jasoko.
Erredakzioa
Errepublikanoen eta demokraten arteko akordio faltak Estatu Batuetako Gobernuaren itxiera partziala ekarriko du, 17 urtean aurrenekoz. Kongresuak diru-funtsa berriak onartu arte, beraz, Gobernua itxita egongo da.
Horrenbestez, 800.000 funtzionario etxean geratu beharko dira (2,1 milioi funtzionario daude AEBetan). Etxe Zuriak azaldu duenez, itxiera partzial horrek 1.000 milioi euroko gastua eragingo du Gobernuan.
Hauek dira itxiera partzial horren eragin nagusiak:
1) Etxe Zuria: Etxe Zuriko langileen % 75ek etxean egon beharko dute, soldatarik jaso gabe. Barack Obama presidenteari laguntzeko lanetan 436 pertsona arituko dira (orain arte 1.700 egon dira).
2) Altxor Departamentua: Egun dauden 100.000 langileetatik 88.000 etxera bidaliko dituzte. Ez dute soldatarik jasoko. Gizarte Segurantzako pentsioak kudeatzen dituzten langileek lanean jarraituko dute; ez, ordea, auditoriak egiten dituztenek.
3) Erreserba Federala: Itxierak ez du hor eraginik izango.
4) Defentsa Departamentua: Pentagonoko langileen erdiak etxera bidaliko dituzte. Neurriak ez die militarrei eragingo. 1,4 milioi militar daude bertan.
5) Estatu Departamentua: Gobernuaren itxierak ez du horiengan eraginik izango. Enbaxadak eta kontsulatuak irekita egongo dira eta AEBetara joateko baimenak kudeatzen jarraituko dute.
6) Segurtasun Nazionaleko Departamentua: Langileen % 14 etxean geratu beharko dira. Gainerakoak “funtsezko” langileak dira AEBetako Gobernuarentzat.
7) Merkataritza Departamentua: Langile gehienek (% 87) etxean egon beharko dute, krisia konpondu arte.
8) Lan Departamentua: Egun dauden 16.304 langileen % 82k ez dute soldatarik kobratuko, tartean lan estatistikak egiteko bulegoan lan egiten dutenek.
9) Nekazaritza Departamentua: Gobernuak ez du oraindik argitu zenbat langile beharko dituen. Okelaren inguruko ikuskaritzak egiten jarraituko dute, baina beste elikagai batzuenak bertan behera utziko dituzte.
10) Barne Departamentua: Orain arte 72.562 langile izan dira, baina, itxieraren ondorioz, Departamentua % 81 murriztu beharko du AEBetako Gobernuak. Parke publiko guztiak eta monumentuak, tartean Askatasunaren Estatua, itxi beharko dituzte.
11) Justizia Departamentua: % 15ean murriztuko da Justizia Departamentua. Ikerketa Bulego Federaleko (FBI) langile guztiak lanean izango dira.
12) Espazio Agentzia (NASA): Ia langile guztiek etxean egon beharko dute (% 97).
13) Osasun Departamentua: Langileen erdiak lanean egongo dira, eta ezingo dute gripearen kontrako kanpaina normaltasunez egin.
14) Garraio Departamentua: Egun dauden 55.468 langileen % 33ri eragingo die Gobernuaren itxierak. Aire-zirkulazioko kontrolatzaileek eta autopistetako arduradunek lanean jarraituko dute.
15) Energia Departamentua: Langile gehienak soldatarik gabe egongo dira (% 69), tartean ikerlariak.
16) Beteranoen Gaietarako Departamentua: Bulego horretako langileen % 4k bakarrik jasoko dute hileroko soldata. Beste guztiek etxean egon beharko dute.
17) Etxebizitza Departamentua: Ia langile guztiak etxean geratuko dira (% 95).