Mundua -
Indarkeria Iraken
Ia mila pertsona hil dira irailean Iraken, NBEren arabera
Bagdad izan da zonalderik kaltetuena, 418 pertsona hil baitira bertan. Nazio Batuen Erakundeak elkarrizketa bultzatzeko deia egin du.
Erredakzioa
Irailean 979 pertsona hil dira Iraken indarkeria ekintzetan. Hala azaldu du Nazio Batuen Erakundeak herrialde arabiarrean duen UNAMI Nazio Batuen Irakerako Laguntza Misioak. Heriotza kopuruak gora egin du, abuztuan 804 irakiar zendu baitziren.
UNAMIren txostenak zehazten duenez, hildakoen artean 887 zibil eta segurtasun indarretako 92 kide daude.
Eskualdeka, Bagdad izan da kaltetuena, 418 irakiar hil baitira bertan. Ninive, Diyala, Salahedin eta Al Anbarren ere biktima ugari utzi dituzte indarkeria ekintzek.
Hildakoez gain, 2.133 pertsona zauritu dira erasoetan, abuztuan 2.030 izan zirelarik.
NBEren Irakeko ordezkari den Nickolay Mladenovek munduko lider politiko guztiei dei egin die, elkarrizketa bultzatzeko ahaleginak gehitu eta bakezkoak egiteko.
Buruzagi politikoek, erlijiosoek eta zibilek eta segurtasun zerbitzuek batera lan egin behar dutela azpimarratu du Mladenovek, odol isurketari amaiera eman eta herritar guztientzat segurtasuna bermatzeko.
Atzo 50 pertsona inguru hil eta 177 zauritu ziren Bagdaden leherketa sorta baten ondorioz. Xiiten zonaldeak izan ziren kaltetuenak, eta Al-Qaida talde islamistak bere gain hartu du atentatuen egiletza. Erasoek jarraitu egin dute gaur, gutxienez sei hildako eraginez.
Pasatu den irailaren 20an, Irakeko alderdi eta lider politiko gehienek ohorearen eta bake sozialaren aldeko itun bat sinatu zuten, erasoak gelditzen saiatu eta herrialdea astintzen ari den indarkeriari amaiera eman ahal izateko.