Mundua -
AEB-etatik kronika
Shutdown: zatiketaren ordaina
Demokratek eta errepublikanoek ez dute akordiorik lortu eta, ondorioz, 800.000 funtzionariok etxean geratu behar izan dute.
Mikel Reparaz
Obamaren osasun erreformak demokratak eta errepublikanoak muturretara eraman ditu, eta zatiketa giro horretan ezinezkoa izan da inolako akordiorik erdiestea, adostasun falta horren prezioa administrazio federalaren zati bat itxi beharra izanik ere. Washingtonen bart inork gutxik zuen talka hori saihesteko itxaropena.
Bi aldeek aurrekontua negoziatzeko malgutasunik ez dute erakutsi. Errepublikanoak Ordezkarien Ganberan gotortu dira, eta demokratak, berriz, Senatuan. Inor ez da erdibideko proposamenik aurkezteko gai izan, eta, azkenik, iragarritakoa gertatu da. Alderdi Errepublikanoak Obamaren egitasmo nagusiarekin amaitzeko azken aukera ikusi du aurrekontuaren negoziazioan. Obamacare herritarrei zerbitzu mediko unibertsala emateko erreforma, errepublikano liberalenen ustez, "aukeratzeko askatasunaren aurkako erasoa da". Kontserbadoreen ustez, aldiz, "Troiako Zaldi sozialista da" AEBetako aseguru pribatuen sisteman.
Aurrekontu faltaren ondorio larrienak 800.000 funtzionariok sufrituko dute. Lantokiak gaur goizean itxita aurkitu dituzte lanera joan direnek, eta gehienak etxean geratu dira. Smithsonian museoa, New Yorkeko Askatasunaren Estatua, parke nazional guztiak, EPA ingurumen agentzia eta bisatuak egiteko bulegoak, besteak beste, itxita daude, eta inork ez daki noiz irekiko dituzten berriz ateak.
Momentuz kalean administrazio federalaren itxiera partziala gehien sumatu dutenak turistak dira. Goizean, museo publikoen ate itxien aurrean noraezean ikusi ditugu, asko haserre, zer gertatzen den jakin gabe. Aurki AEBetara bidaiatzeko asmoa dutenek ere pairatuko dute Administrazioaren itxiera, bisatuak emateko prozedurak izoztu egin baitituzte.
Baina okerrena oraindik ez da iritsi. Akordiorik erdietsi ezean, urriaren 17an Gobernuaren zorrak sabaia joko du, eta Obamaren administrazioak ezin izanen du kreditu gehiago eskatu zerbitzu publikoak finantzatzeko. Orduan bai egon litezke arriskuan administrazio federalaren oinarrizko zerbitzuak. Eta ez dirudi errepublikanoek Obamari gauzak erraztuko dizkiotenik.