Mundua -
KOLONBIAKO KARTZELAK
Bogotako kartzelak bertatik bertara ezagutu ditu ETBk
Kolonbiako kartzeletako ziega zorrietan eta inguruko pasillo eta patioetan, elkarren gainean pilatzen dira presoak. Bogotako Modelo kartzelan, % 91koa da gainpopulazioa, eta azpeitiar bat dago preso.
Erredakzioa
Kolonbiako eta, oro har, Hegoamerikako kartzeletan, zigor bikoitza jasotzen dute presoek: epaileek ezarritako zigorrari ez ezik, espetxe barruko bizi baldintza kaskarrek eragiten duten zama gehigarriari ere egin behar izaten diote aurre bertan itxitakoek, Arantxi Padilla lankideak Bogotako kartzelan bertatik bertara ikusi duenez.
Bogotako Modelo kartzela horretan, berbarako, 5.342 preso daude gehienez 2.907rentzat diseinatu zuten eraikinean, eta 8.000 baino gehiago izatera heldu da zenbatekoa hainbat unetan. Elkarren aurka pilatuta, noraezean ibiltzen dira zigortuak harat-honat, alderrai, etzateko tokirik ere ez dutela.
Miseria mailakatzerik balego, bertan preso atzerritarrak kolonbiarrak baino hobeto bizi direla esan genezake. Hain zuzen, atzerritar horietako bat Joxe Mari Urdanpilleta azpeitiarra da. 10 urte eta 8 hilabeteko zigorra ezarri zioten, eta bi urte daramatza kartzelan.
Bien bitartean, Administrazioak kartzela gehiago eraikitzeko asmoa iragarri du, baina espetxeetako zuzendariek eta langileek ez dute nahikotzat jo, aldaketa sakonagoak behar direla uste dute: ziega handiagoak egin ez, ezpada espetxeetako populazioa jaisteko neurriak hartu behar dira, hezkuntza eta gizarte mailan.