Mundua -

Krisi politikoa Italian

Silvio Berlusconiren gainbehera

Letta lehen ministroaren konfiantza-galdekizunaren emaitzak argi utzi du 'Il Cavaliere'ren ibilbide politikoa azkenetan dagoela.

Silvio Berlusconi. EFE
Silvio Berlusconi. EFE
Silvio Berlusconi. EFE

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Silvio Berlusconiri amaitu egin zaizkio amarruak. Hainbat hamarkadaz Italiako boteretsuena izan bada ere, gainbeheran dagoela erakutsi du astelehen honetan, Enrico Letta lehen ministroaren aurka sustatutako konfiantza-galdekizunean.

Justiziaren zigorrei ihesi (abuztuan lau urteko espetxe zigor irmoa ezarri zioten, Mediaset auzian, iruzur fiskala egotzita), 'Il Cavaliere'k estrategia ilun bat abiatu zuen joan den astean, senatari izaten jarrai dezakeen edo ez erabakiko duen bozketa oztopatzeko (bihar egingo dute, Goi Ganberan). Hori horrela, Senatutik botako balute, bere alderdiko parlamentari guztiek dimisioa emango luketela ohartarazi zuen, ostiralean.

Hori, baina, ez zen mehatxu bakarra izan. Larunbatean, dimisioa ematea agindu zien bere alderdiko (PDL) bost ministroei, Gobernua erorarazteko. Horiek hala egin zuten, eta Lettaren Exekutibotik atera ziren, baina Berlusconirekin ados ez zeudela nabarmendu zuten. Zatiketa, agerian.

Matxinada are handiagoa izan zen, ordea. Hurrengo egunetan, PDLko 23 parlamentari konfiantza mozioan Lettaren Gobernuaren alde bozkatzeko prest agertu ziren, eta talde parlamentario propioa sortzeko izapideak hasi zituzten, Berlusconiren taldetik bereizteko.

Dena dela, kolpe handiena horren kolaboratzaile gertukoenak, Angelino Alfano PDLko idazkari nagusiak, eman zion, hori ere azaldu baitzen Exekutiboaren alde.

Alfano Justizia ministro izan zen, eta Berlusconi hainbat zigorretatik salbatzeko legeak onartu zituen, baina, oraingoan, bakarrik utzi du 'Il Cavaliere'.

Hori ikusita, Berlusconik, Italiako politikagintzan inoiz izan den malabarista handienak, bere azken trikimailua egin zuen atzo, azkenean lehen ministroaren alde bozkatu baitzuen, konfiantza-galdekizunean.

Lettaren garaipenak Berlusconiren aro politikoaren amaiera ekarriko du. Bihar bertan, gainera, baliteke senatariek Goi Ganberatik botatzea.

Senatari karguak ematen duen babesa galduko balu, Mediaset auziko zigorra bete egin beharko luke. Horregatik, urtebete etxean giltzapetuta egotea edo lan sozialak egitea erabaki beharko luke Berlusconik.

Nolanahi ere, hori ez du izango azken buruko mina: hilabete honetan bertan, Ruby auziko apelazio prozesua hasiko da. Auzi horretan, zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, adingabeen artean prostituzioa sustatzea egotzita.

Berlusconiren gainbehera hasi da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea