Mundua -

Egipto

Egiptoko Gobernuak GKE izaera kendu die Anaia Musulmanei

Anaia Musulmanen prentsa bulegoko arduradun Islam Taufiqen iritziz, neurria "politikoa" da, eta ez judiziala.

Egipto
Egipto
Egipto

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko Gobernuak Anaia Musulmanak kofradia islamdarra elkarte zibilen eta gobernuz kanpoko erakundeen (GKE) erregistrotik kentzea erabaki du gaur.

Duela hilabete, Gobernuko batzorde batek, Ahmed al Borai ministroa buru, Anaia Musulmanek gobernuz kanpoko erakundeen legea hautsi zutela jakinarazi zion kabineteari.

Armak erabiltzea eta ekintza politikoak garatzea leporatu zion batzorde horrek Anaia Musulmanei. Gainera, kofradia islamdarra ministerioaren bileretara ez zela agertzen kexatu zen Al Borai.

Irailaren 23an, Kairoko Premiazko Arazoen Auzitegiak Anaia Musulmanen ekintza guztiak debekatu zituen, baita kofradia horretatik erator zitekeen beste edozein talderenak ere. Gainera, elkartearen funts guztiak izoztu zituen.

Ministroen Kontseiluak gaur hartu du erabakia, neurriak hartu aurretik itxaron egingo zutela adierazi zuten arren. Izan ere, urriaren 22an, Justiziak kofradiak aurkeztutako helegitea aztertu eta behin-betiko erabakia hartuko du.

Anaia Musulmanek " Egiptoko kaleetan zilegitasuna lortu" dutela eta "85 urtez erregistratu gabe funtzionatu" dutela adierazi du elkartearen prentsa bulegoko arduradun Islam Taufiqek. "Gainera, herriari zerbitzua eman eta Parlamentuan ordezkari lanak egin ditu".

Taufiqen iritziz, Gobernuaren neurria "politikoa" da, eta ez judiziala.

Hasan el Banak 1928an sortu zuenetik, Anaia Musulmanen kofradiak eragin handia izan du Egipton, eta boterearekin ika-mika ugari izan ditu. Honakoa da elkartearen leloa: "Korana da gure konstituzioa eta profeta gure buruzagia".

Gamal Abdel Naserek kofradia ilegalizatu egin zuen 1954n, eta egoerak bere horretan jarraitu zuen Hosni Mubaraken erregimenean (1981-2011). Hala ere, erdi onartuta egon zen erregimen horretan, eta 2005eko hauteskundeetan 88 eserleku lortu zituen hautagai independenteei esker.

Mubarak kargutik kendu zuen iraultzaren ostean, 2011ko martxoan Anaia Musulmanak gobernuz kanpoko erakunde izaera hartu zuten.

Erakunde politiko bat ere sortu zuten, Askatasuna eta Justizia Alderdia izenpean. Iraultzaren ondorengo lehen hauteskundeak irabazi zituen alderdi horrek, eta 2012ko hauteskunde presidentzialetan Mohamed Mursi alderdi buruak garaipena lortu zuen.

Uztailaren 3an, urtebetez boterean egon ostean, presidentearen dimisioa eskatzen zuten protesta jendetsuen artean, Egiptoko Armadak Mursi agintetik kendu zuen.

Duela bi egun, Gobernuaren aholkulari den batzorde judizial batek Askatasuna eta Justizia alderdia desegiteko epai bat bidaltzeko gomendatu zion Administrazio Auzitegi Gorenari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Azken ordukoa Kairo Gobernuz Kanpoko Erakundeak Ekialde Hurbila gaur