Mundua -

Tragedia Italian

50 hildako, Lampedusatik gertu izan den beste hondoratze batean

Hildakoen artean hamar bat adingabe egon litezke. 200 bat lagun onik atera ahal izan dituzte.

Etorkinak zeramatzan ontzi bat irauli egin da Tunisia eta Sizilia artean

0:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 50 lagun hil dira ostiral honetan Siziliako kanalean (Lampedusatik 60 miliatara) ontzi bat hondoratu ostean. Hildakoen artean hamar bat adingabe egon litezke, Italiako agintariek egindako lehen balantzearen arabera.

Lekukoen arabera, emakumezkoen, gizonezkoen eta haurren hilotzak ikus zitezkeen itsasoan.

Ontzian 250 etorkin baino gehiago zauden, eta horietatik 200 inguru onik ateratzea lortu dute. Beste iturri batzuen arabera 221 dira onik irtendako lagunak, tartean beste hamar bat haur.

Lampedusa eta Malta artean zegoen ontzia (Maltatik 80 miliatara eta Lampedusatik 60 miliatara). Hondoratzea izan den tokian, baina, Maltak ditu larrialdi zerbitzuetan eskumenak, eta, ondorioz, Italiarekin elkarlanean ari da.

Italiako "Lybra" eta "Espero" ontzietan eta Maltako hirugarren ontzi batean hartu dituzte uretatik erreskatatutako etorkinak.

Ezbeharraren arrazoiak

Maltako itsas armadak emandako informazioaren arabera, Siziliako kanala zaintzen ari zen hegazkin bat ikusi dute etorkinek. Hegazkinean zihoazenen arreta deitu nahi izan dute etorkinek, eta ontzi barruan mugitzen hasi dira, irauliz.

Gau osoan zehar jarraituko dute erreskate lanekin, larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez.

Aurretik ezbeharretik astebetera

Aipatzeko doa astebete baino igaro ez dela Lampedusako kostaldean 500 etorkin zeramatzan ontzi bat hondoratu zenetik. Datu ofizialen arabera, 328 pertsona hil ziren ezbehar hartan, eta oraindik gorpuak bilatzen jarraitzen dute.

Beste 12 hildako Egiptoko kostaldean

Bestalde, beste 12 lagun hil dira ostiral honetan, Egiptoko kostaldetik gertu beste ontzi bat hondoratu ondoren. Bertan dokumentaziorik gabeko etorkinak eta Siriako errefuxiatuak zihoazen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea