Mundua -
Ezbeharra Italian
Lampedusan hildakoen gorpuak Agrigentora eraman dituzte lurperatzeko
Hondoratzean hil ziren etorkinen hilotzak Siciliara eraman dituzte, eta bertatik hainbat herritara eramango dituzte lurperatzeko.
Erredakzioa
Urriaren 3an Lampedusa Italiako uharteko kostaldean hil ziren 359 biktimen hainbat gorpu Agrigentora (Sicilia) eramango dituzte gaur, larunbata, ondoren zenbait herri siciliarretan lurperatzeko.
Hildakoen familia batzuek hilotzak jatorrizko herrialdetara bidaltzeko eskatu dute, baina oraindik ez dakite posible izango den.
Egunotan, Italiako hiri askotatik eta Europako beste herrialdetatik, dozenaka somaliar eta eritrear gerturatu dira Lampedusako irlara, hondoratutako itsasontzian zihoazen senideen berri izateko.
Giusi Nicolini Lampedusako alkateak gorpuak berehala eramateko eskatu du, orain arte izan dituzten aireportuaren hangarrean ez dagoelako lekurik.
Gainera, gaur topatutako beste 20 hildakoekin egoera zeharo zaildu da, hildako kopurua 359ra heldu baita, baina gainera atzo, ostirala, Maltan hondoratze bat izan ostean beste 21 hilotz bidali zituzten.
Nicolinik Lampedusak bizi duen egoera salatu du, dozenaka hilkutxa daude oraindik hangarrean, eta bere haserrea adierazi nahi izan du azken hondoratzearen ostean hilotz gehiago ez bidaltzeko eskatu ondoren, kasurik egin ez diotelako.
Bilaketa lanak ia amaitutzat eman dituzte, urriaren 3an hondoratutako itsasontzitik atera ziren lagunen arabera 518 etorkin zihoazen, horietatik 155 bizirik atera ziren eta 359 hil; hori dela eta, lau gorpu besterik ez dira geratzen topatzeke.