Mundua -
Krisia AEBn
AEBko Senatuak Administrazioa irekitzeko akordioa lortu du
Zorpetze ahalmena handitzea adosteko epea amaitu baino 24 ordu lehenago lortu dute akordioa errepublikanoek eta demokratek. Etxe Zuriak pozik hartu du akordioa.
Erredakzioa
AEBko Senatuak akordioa lortu du zorpetze muga handitzea adosteko eta Administrazio Federalaren itxierari amaiera emateko. Akordioa Altxorrak jarritako epea bete baino 24 ordu lehenago lortu dute. Senatuko demokraten eta errepublikanoen liderrek adierazi dutenez, akordio "historikoa" da.
Senatuak egindako proposamenean jasotzen denez, zorpetze muga handitu egingo da otsaila erdialdera arte, eta Administrazioa ireki ahal izateko aurrekontua desblokeatu egingo da otsailaren 15a bitartean. Kongresuak gastuaren eta defizitaren murrizketaren inguruko eztabaida egin ahal izango du tarte horretan. Urriaren 1etik, Gobernua partzialki itxita dago.
Bi alderdietako eta bi ganberetako ordezkariek aurrekontuak eztabaidatuko dituzte datozen asteetan, eta proposamen bat izan beharko dute abendurako.
Harry Reid AEBko Senatuko gehiengo demokrataren liderra eta Mitch McConnell errepublikanoen gutxiengoaren liderra aritu dira azken egunetan zorraren mugaren inguruan eztabaidatzen. Reidek adierazi duenez, elkarrizketak "gogorrak" izan dira, eta McConnellek erakutsitako lankidetza "ezinbestekoa izan da akordioa lortzeko".
"Liskarrei amaiera eman dio akordio honek", esan du. "Errepublikanoek eta demokratek bakeak egiteko unea da", gaineratu du.
Ordezkarien Ganberako presidentea, John Boehner errepublikanoa, prest dago Senatuak aurkeztutako plana lehenik Ordezkarien Ganberan bozkatzeko. Hori horrela egingo balitz, legegintza-izapidea azkartuko litzateke. Oraindik, ordea, ez du horren inguruko adierazpenik egin.
Etxe Zuriak pozik hartu du akordioa
Etxe Zuriak pozik hartu du demokratek eta errepublikanoek Senatuan lortu duten akordioa, eta "ahalik eta lasterren" onartzea eskatu du, krisiari amaiera emateko.
Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak akordioa izan du hizpide prentsaurrekoan. "Akordioak Administrazioa berriz ere irekitzea eta gure ekonomiari jada kalte egin dion mehatxua ekidin ahalko duela uste du Barack Obamak", esan du.
Carneyk adierazi duenez, "Reidek eta McConnellek egindako lana txalotu du presidenteak, eta egoera honi amaiera ahalik eta lasterren emateko eskatu dio Kongresuari".