Mundua -

Hauteskundeak Georgian

Margvelashvili faborito Georgiako gaurko hauteskundeetan

3,5 milioi georgiar deitu dituzte bozkatzera. Bertako nahiz nazioarteko milaka begiralek gertutik jarraituko dituzte hauteskundeak.

Gueorgui Margvelashvili, botoa ematen. EFE
Gueorgui Margvelashvili
Gueorgui Margvelashvili, botoa ematen. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka georgiarrek bozkatuko dute gaur, goizeko lehen ordutik hasita, herrialde kaukasiarreko presidentea hautatzeko. 23 hautagai aurkeztu dira hauteskundeetara, baina inkesten arabera, bakarra da faboritoa.

"Botoen % 50 baino gehiago lortzea espero dut", adierazi du Amets Georgiarra agintedun koalizioko hautagaiak, Gueorgui Margvelashvilik, Tbilisiko eskola batean botoa eman ostean. Bera da faboritoa gaurko hauteskundeetan.

Datozen lau urteetan presidentea nor izango den hautatzeko, 3,5 milioi georgiar deitu dituzte bozkatzera. Horretarako, 08:00etan 3.655 hautesleku ireki dituzte Georgian.

Herrialde horretatik at, 52 hautesleku ireki dituzte, 37 herrialdetako 44 hiritan.

Gainera, Georgiako 1.500 militarrek Afganistango bi base militarretan eman dute botoa. Izan ere, NATOren bake misioan parte hartzen ari dira Afganistango Helmand eskualdean.

Salbuespena Errusia izan da. Georgiak bost urte daramatza errusiarrekin harreman diplomatikorik izan gabe. Hego Osetia errepublika georgiarraren independentzia onartu zuen Moskuk, 2008an zonaldearen kontrolagatik gerran aritu ostean, eta harrezkero, bi herrialdeen arteko harremanak etenda daude.

Guztira, Georgiako 65 erakundetako 19.746 begiralek eta nazioarteko 60 instituziotako 1.241 ikuskatzailek jarraituko dituzte hauteskundeak.

Alemaniako GFK eta Georgiako AST enpresek egindako zundaketen ondorioak jasotzean iragarriko dira aurretiazko emaitzak.

Inkesta guztien arabera, gehiengo osoarekin irabaziko ditu hauteskundeak Margvelashvilik. Egungo presidente Mijaíl Saakashvili buru duen Mugimendu Nazional Batua alderdiko hautagaia, David Bakradze, oso atzetik geldituko ei da.

Gaurko hauteskundeek amaiera emango diote Georgiako sistema politikoaren trantsizioari. Sistema presidentzialista batetik presidentzialista-parlamentario batera igaroko da herrialde kaukasiarra, eta Parlamentuak lehen ministro bat hautatuko du, eskumen zabalak izango dituena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea