Mundua -
Errepresalien beldur
Pakistanek alerta egoera ezarri du AEBek talibanen burua hil ostean
Piloturik gabeko hegazkin batek hil zuen atzo Hakimula Meshud talibanen buruzagia, bake negoziazioei ekitea erabaki eta hurrengo egunera. Pakistango Armadak presentzia areagotu du.
Erredakzioa
Pakistango agintariek alerta egoera ezarri dute talibanen balizko errepresalien aurrean, atzo, ostirala, Hakimula Meshud talibanen buruzagia piloturik gabeko hegazkin baten bidez hil ostean, Afganistango mugatik gertu.
Zehatz mehatz, Peshawarren areagotu dute segurtasuna, talibanek kontrolpean duten hiririk nagusiena. Polizia pakistandarrak talde berezi bat bidali du AEBen kontsulatura eta hiriko beste gune jendetsu batzuetara.
Pakistango Armada diplomazia-misioak dauden guneetara bertaratu da eta hiriko irteera eta sarreretan soldadu kopurua areagotu du.
Talibanen buruzagia eta bere ordezkariak gaur, larunbatean, erraustu dituzte Ipar-Waziristanen, Geo TV telebistak aipatutako iturrien arabera. Talibanen gudari batek esan duenez, Mehsuden hilotza "kaltetuta baina ezagutzeko moduan" dago, AEBek drone baten bidez hil ostean, jakinarazi du Reuters agentziak.
Nawaz Sharif Pakistango lehen ministroak talibanekin bake-negoziazioei ekiteko prestutasuna agertu eta hurrengo egunera izan da Mehsuden heriotza.
Barne ministroaren esanetan, erasoa gertatu baino lehen, Gobernuko ordezkaritza batek Ipar Waziristanera joateko asmoa zuen gaur bertan, negoziazioak abiarazteko, baina bertan behera geratu dira, zabaldu Geo TVrek.