Mundua -
Ingurumena
Plastikozko poltsa finen aurka agertu da Europar Batasuna
Poltsa arinen kontsumoa ahalik eta gehien murriztea da helburua. Europar Batasuneko kideek derrigorrezko neurriak hartu beharko dituzte.
Erredakzioa
Plastikozko poltsa finen kontsumoa murrizteko "derrigorrezko neurriak" hartzeko eskatu die gaur Europako Batzordeak Europar Batasuneko kideei. Izan ere, poltsa horiek ezin dira berrerabili, eta ingurumenari kalte egiten diote. Hala ere, gobernuei edonolako neurriak hartzeko "malgutasuna" eskainiko dietela azaldu du Batzordeak, besteak beste, mota horretako poltsak zergapetu edota euren erabilera debekatu dezakete egoera jakin batzuetan.
"Estatu kideek derrigorrezko neurriak hartu eta horien inguruan informazioa eman beharko dute, eta zaintzapean egongo dira", adierazi du Janez Potocnik Europako Ingurumen komisarioak prentsaurreko batean. Bertan, ontziei eta horien hondakinei eragiten dieten zuzentarauak berrikusteko proposamena aurkeztu du.
Potocnikek azaldu du proposamen berri hori 50 mikrometro baino gutxiago duten poltsa "fin eta arin" guztiei zuzenduta dagoela. Komisarioaren hitzetan, lehenago bihurtzen dira zabor, eta ingurumenari "kalte izugarriak" eragiten dizkiote, bereziki hegaztientzat eta arrainentzat mehatxu handia baitira.
"Minutu batean soilik erabiltzen dira, baina desagertzen urte asko beharko dituen zaborra bihurtzen dira. Proposamen honek ohiturak aldatzea espero dugu", esan du Potocnikek. Haren hitzetan, "urtero 8.000 milioi plastikozko poltsak zikintzen dute Europa", eta neurri egokiekin, "% 80" murriztu daiteke.
Komisarioak ohartarazi du mugapen berriek poltsa arin "guztiak" izango dituztela helburu, "inongo bereizketarik gabe". Izan ere, biodegradagarriak direnek ere trataera berezia behar dute degradatu ahal izateko, eta azkenean "itsasoko zaborra" izaten dira horiek ere. "Poltsa biodegradagarriek ez dute arazoa konpontzen", azpimarratu du.
Bruselak gobernu europarrei kontsumoa murrizteko eskaintzen dizkien aukeren artean, poltsak zergapetzea, merkatal mugapenak ezartzea eta murrizketa helburu nazionalak finkatzea daude. Murrizketa helburu horiek ez dira, ordea, derrigorrezkoak izango, Potocniken arabera.
Europako Gobernuaren arabera, 2010ean 98.600 milioi plastikozko poltsa merkaturatu ziten Europar Batasunean. Horrek esan nahi du biztanle bakoitzak, batez beste, 198 poltsa erabiltzen dituela urtero. Komisarioaren arabera, duten kontsumo baxuagatik "modelo" diren herrialdeak Danimarka eta Finlandia dira, herritar bakoitzak urtero lau poltsa inguru erabiltzen baititu. Aldiz, notarik kaxkarrena duten herrialdeak Portugal, Polonia eta Eslovakia dira, batez beste, pertsonako eta urteko 466 poltsa erabiltzen baitira.