Mundua -
Erasotzaile bakarra
Hiru pertsona hil dira autobus baten bahiketan, Norvegiako hegoaldean
50 bat urteko bahitzailea atxilotu du Poliziak. Atxilotua zauritu eta ospitale batera eraman behar izan dute.
Erredakzioa
Hiru pertsona hil dira gaur bidaiari batek Norvegiako hegoaldean autobus bat bahitu eta gero, bertako Poliziak jakitera eman duenez. Bahiketa Ardal eta Tyin artean gertatu da.
Ustezko erasotzaileak 50 bat urte ditu eta jatorriz atzerritarra da. Bahitzailea atxilotu egin dute, Norvegiako agintariek jakinarazi dutenez.
"Hasiera batean istripu bat zela azaldu digute. Suhiltzaileak izan dira heltzen lehenengoak, eta gizona menderatu dute", adierazi du Jorn Lasse Refsnes Poliziako bozeramaileak NRK telebista publikoan.
Lekuko bat autobusera gerturatzen saiatu da; istripu bat izan dela pentsatu eta laguntza eskaini nahi izan du, baina gizona burua galduta ikusi du labana eskuetan zuela. Biktimak labanaz hil dituela ematen du.
Atxilotua zauritu eta ospitale batera eraman dute, NRKren arabera.
Senitartekoak informatzeko zentro bat martxan jarri dute Norvegiako agintariek Ardalstangenen.