Mundua -
Lege islamikoa
Saudi Arabiako menuetan alkohola aipatzea debekatu dute
Ostalaritzan, alkoholarekin lotutako hitzak ("xanpaina", "ardoa"...) erabiltzea debekatu dute. Legez debekatutako edari alkoholdunen ordezko alkoholgabeak izendatzeko ere ezingo dira erabili hitzok.
Erredakzioa
Saudi Arabiako agintariek erreinu kontserbadore horretako hotel eta jatetxeetan edari alkoholdunekin lotutako edozein hitz erabiltzea debekatu dute, Al Hayat nazioarteko egunkari arabiarrak gaur argitaratu duenez.
Herrialdeko Merkataritza eta Industria Ministerioak xarian, lege islamikoan, oinarrituta hartu du erabakia. Araudi horren aurkakoa eta, hortaz, haien ikuspegitik onartezina, da "saudiarabiar txanpaina" eta "nabiz" (ardoa) hitzak erabiltzea, nahiz eta izendatzen dituzten edariek alkoholik eduki ez.
Gobernuak herrialdeko hainbat hotel eta jatetxetan izendapen horiek erabiltzen zituztela jakin eta gero hartu du erabakia, eta haren beso guztiak jakinaren gainean jarri ditu legea betearaz dezaten.
Egunkariaren arabera, muftiak, Saudi Arabiako agintari erlijioso gorenak, jarri ditu Ministerioko ordezkariak jakinaren gainean. Hark esan die "xanpain saudiarabiarra", "alkoholik gabeko ardoa" eta beste eskaintzen zituztela herrialdeko lokaletan.
Lege abisu horretan, lege islamikoak debekatutako produktuen izenak erabiltzea zilegi ez dela esaten da.
Saudi Arabian duda-mudarik gabe aplikatzen dute xaria; alkoholdun edariak saldu eta kontsumitzen dituztenek, esaterako, zigor kolpeak jasotzen dituzte, eta hilketak, bortxaketak, sorginkeria, sodomia edota droga trafikoa egin dutenei, ostera, lepoa mozten diete ezpata batez.