Mundua -

Grezia

Greziako telebista publikoko langileak egoitzatik atera ditu Poliziak

Istiluen aurkako agenteek ERT Greziako irrati-telebista publikoaren egoitza nagusia hustu dute gaur Atenasen, langileek bost hilez bertan itxita lanean erresistitu eta gero.

Poliziako agenteak, ERTren egoitza babesten. Argazkia: Efe.
Poliziako agenteak, ERTren egoitza babesten. Argazkia: Efe.
Poliziako agenteak, ERTren egoitza babesten. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den ekainaren 11tik, Andonis Samares kontserbadorea buru duen Gobernuak komunikazio talde publikoa desagerrarazi eta 2.600 langile kaleratzea erabaki zuenetik, horietako batzuk ERTren egoitza nagusian eta herrialde osoko beste egoitza batzuetan egon dira, beren kasa, autogestionatuta, programazioa aurrera ateratzen.

Goizaldeko 04:20an, Euskal Herrian 03:20 genituela, eraikinean jende gutxi zegoela baliatuta, istiluen aurkako zenbait agente ERTren egoitzara sartu dira, fiskal batekin batera, langileak bertatik kaleratzeko.

Eraikina husten ari zirela, indarra erabili dute, eta kanpoaldean ere negarra eragiteko gasaz baliatu dira agenteak. Lau langile atxilotu dituzte, eta ordu gutxiren buruan askatu dituzte.

"Poliziak ate nagusia eta albo batean dagoen beste sarbide bat ireki ditu, indarrez, eta platora sartu dira, fiskalarekin batera. Ni sindikatuaren bulegoan nengoen, eta Polizia zegoen tokira joan naiz. Erregistroa egiteko eskabiderik edo beste edozein paper ofizialik ez zeukatela esan digute, baina berdin-berdin sartu dira eraikinetik ateratzea eskatzeko", esan du ERTko sindikatuaren presidenteak, Panayotis Kalfayanisek.

Langileen ordezkaria lau atxilotuetako bat izan da, eta epailearen agindurik ez dutenez "legez kanpo" irtenarazi dituztela esan du. "Gobernu faxista baten" lana dela erantsi du.

Aitzitik, Simos Kedikoglu Gobernuaren bozeramailearen hitzetan, "legez kanpoko okupazio bati azkena eman behar izan diogu, eta hau izan da modurik onena, kontu handiz jardutea". Halaber, "legea aplikatu" eta eraikina haren jabeari, Finantza Ministerioari, itzuli behar ziotela adierazi du.

Kedikogluren esanetan, Ordena Publikoko Ministerioak gidatutako operazioa izan da, eta Samaras lehen ministroa eta Evangelos Venizelos sozialdemokrata, Gobernuko bigarrena, jakinaren gainean zeuden.

Oposizioko alderdi guztiek eta sindikatuek hitz gogorrak izan dituzte operazioaren kontra, eta legez kanpokotzat jo dute.

"Onartezina da, Konstituzioaren aurkakoa", esan du Kostas Isijos Syriza alderdi ezkertiarreko agintariak. ERT ixtea dekretu bidez agindu zutela eta gai hori Parlamentuan ez dutela sekula bozkatu ekarri du gogora, gainera.

Jarraian, Poliziak ERTko diputatuei eraikinean sartzen utzi ez diela salatu du. Kate publikoaren materialean kalterik egin ez dutela egiaztatu nahi zuten politikariok.

Bost hilabete borrokan

Ekainean itxi zuten irrati-telebista publikoa, baina Auzitegiek seinalea itzali izana legez kontrakotzat jo zuten, eta Gobernuari berriz ezartzeko eskatu zioten.

ERT zaharra berriz martxan jarri ordez, Exekutiboak talde publiko berri bat sortuko zuela iragarri zuen, NERIT izenekoa, baina oraindik ez dute abian jarri.

Bien bitartean, DT katearen bidez egin zituzten emisioak behin-behinekoz. Horretarako, lehenik eta behin kate pribatu baten estudioa eta gero ERT zaharraren beste eraikin bat erabili zituzten.

Bestalde, ERTko langileek edukiak igortzen jarraitu zuten, lehenik eta behin frekuentzia analogikoaren bidez eta gero Internet bidez soilik; soldatarik ez dute jaso, noski.

"Miraria izan da. Gutariko bakoitzak ahal zuen moduan egiten zuen aurrera, norbaiten laguntzaz, dela senarra dela ama, aitonaren edo amamaren pentsioa, aurrezki gorderen bat...", azaldu du Fuli Zavitsanu langileak.

"Nik gaur nabaritu dut dolu sentsazioa. Ekainaren 11n, hori guztia gertatu zenean, barruan gelditu ginenez, ez zen ERTren amaiera izan, baina gaur badela ematen du", adierazi du.

"Ahots hau ez isiltzen saiatuko gara"

Dena dela, Zavitsanuren hitzetan, ERTren itxieraren aurkako taldeak, 300 bat pertsonak, aurrera egingo du, "oroz gainetik". "Hau isil ez dadin zirrikituren bat topatzen saiatuko gara".

"Egingo dugun lehenengo gauza Interneten izango da. Larriena da Greziako hedabideetan ez dagoela ahots alternatiborik", salatu duenez.

Polizia ERTra sartu dela iragarri eta berehala, ehunka pertsona bertaratu dira eraikinaren sarrerara. Ateak ixteko, kateak eta giltzarrapoak erabili dituzte poliziek.

Horrez gain, arratsaldean manifestazioak egingo dituzte Atenasen eta Salonikan, Greziako bigarren hiri nagusian. Hiri horretako estudioak okupatuta daude oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea