Mundua -
Hondamendi naturala
'Haiyan' tifoiak 4.400 pertsona baino gehiago hil ditu, NBEren arabera
Filipinak suntsitu zituen tifoia igaro eta astebetera, kopuru-dantza handia da. Nazioarteko laguntza humanitarioa gunerik kaltetuenetara iristen hasi da.
Erredakzioa
'Haiyan' tifoi handiak Filipinak suntsitu eta astebetera, zikloi tropikalak utzitako hildakoak zenbatzen jarraitzen dute bertan, baina kopuru-dantza handia da. Ostegun honetako azken txosten ofizialaren arabera, 2.400 pertsona baino gehiago hil dira, baina NBEren gai humanitarioetarako bulegoak 4.460 direla iragarri du, Gobernuaren iturriak aipatuta dituen arren.
Joan den igandetik, Filipinetako Caritas elkartea kaltedunen lehen mailako beharrak asetzen ari da, eta Ormoc hirira janaria daramaten hamar kamioi bidali ditu. Horrez gain, arropa eta sendagaiak bidali dituzte Cebuk hiriko ospitale batera, eta Bogo hirira (uhartearen iparraldean) ere laguntza bidali dute.
Asteartetik euri-zaparradak dituzte Filipinetan, eta, Caritasek esan duenez, "laguntza bertaratzeko zailtasunak daude, eta bizirik atera direnen bizi-baldintzek okerrera egin dute".
Tifoiak 500.000 etxebizitza txikitu ditu, eta 670.000 pertsonak euren etxeak utzi behar izan dituzte.
Laguntza humanitarioa
Biktimak artatzeko laguntza-taldeak indartu egingo dira, ostiral honetan hainbat herrialdetako militarrak (espainiarrak tartean) eta lantalde espezializatuak iritsiko baitira Filipinetara. Horrela, gunerik kaltetuenetara laguntza humanitarioa eramaten hasiko dira.
Behar handiak daudela adierazi dute Filipinetan dauden erakundeek. Oraindik ere gorpu ugari jaso behar dituzte, eta milaka biktimak ez dute ez jatekorik ez edatekorik.
Osasun-laguntzaren premia handia ere badute. Filipinetako Gobernuak laguntza eskatu du, besteak beste, Taclobaneko ospitalean zerbitzua indartzeko. Larunbatean Espainiako 40 mediku helduko dira ospitale horretara, dagoeneko bertan lanean dauden beste sei mediku espainiarrei laguntzera, Vicente Selles Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren koordinatzailearen arabera.