Mundua -
Heriotza-zigorra Vietnamen
Bi enpresari hiltzera zigortu dituzte ustelkeriagatik, Vietnamen
25 milioi dolar bidegabeki erabiltzea egotzi die epaileak bi enpresariei. Vietnamgo justiziak beste bost ustelkeria kasu epaituko ditu hil honetan, eta 53 pertsona daude inputatuta.
Erredakzioa
Vietnamgo auzitegi batek heriotza-zigorra ezarri die bi enpresa zuzendariri, 25 milioi dolar bidegabeki erabiltzea egotzita, bertako prentsaren arabera.
Ho Chi Minh hiriburuan hamaika pertsona epaitu dituzte, tartean bi enpresariak, 2008 eta 2009 urteen artean aurrera eramandako ustelkeria kasu bategatik, Tuoi Tre webguneak dioenez.
Heriotza zigorra jaso dutenak Vu Quoc Hao eta Dang Van Hai dira. Haok 58 urte ditu eta Nekazaritzarako eta Landa-garapenerako Vietnamgo Bankuaren Agribank filialeko zuzendari ohia da. 56 urteko Hai, aldiz, Quang Vinh Co Ltd enpresako presidente ohia da.
Haori dirua bidegabeki erabiltzeagatik hiru kargu, botere gehiegikeria eta gestio ekonomikorako estatuko erregulazioen urratzea egotzi dizkiote.
Azken bi kargu horiek Hairi ere leporatu dizkiote, baita iruzurra eta ondasunen bidegabeko jabetzea ere.
Kasuan inputatutako beste bederatzi pertsonei hiru eta hamalau urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkie epaileak.
Akusazioaren epaiaren arabera, Haok enpresan zuen estatusa erabili zuen errendamendu-kontratuak sinatzeko eta gainbalioez gozatzeko. Haik, aldiz, bankuak emandako zortzi kreditu bereganatu zituen.
Vietnamgo justiziak beste bost ustelkeria kasu epaituko ditu hil honetan, eta 53 pertsona daude inputatuta, ministerioetako goi-karguak, bankuetako zuzendariak eta enpresaburuak barne.
Abuztuan berriro ekin zion Vietnamek heriotza-zigorrak ezartzeari. Fusilamenduak albo batera utzi eta injekzio letala erabiltzen hasi ziren herrialde asiarrean, ia bi urtez bide hori baztertuta izan ostean. Izan ere, heriotza-zigorra aplikatzen duten herrialdeei Europar Batasunak debekatu egin zien zenbait osagai kimiko eskuratzea.