Mundua -

Paris, alerta egoeran

Tiroketen egilearen bila jarraitzen dute Frantzian

Frantziako Polizia eskopeta bat eta granadak dituen gizonezko baten bila ari da. Ustez, goizean Parisen izan diren bi tiroketetan eta bahiketa batean parte hartu du.

Polizia Liberation egunkariaren egoitzaren aurrean. EFE
Polizia Liberation egunkariaren egoitzaren aurrean. EFE
Pariseko Poliziak ez du oraindik aurkitu tiroketa egin duen gizona

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak 40 urteko gizonezko sendo eta kaskamotz baten bila jarraitzen du, ustez, Parisen astelehen goizean izan diren hainbat gertaeratan parte hartu duelakoan. Goizean tiroketa izan da Liberation egunkarian eta argazkilari bat zauritu du. Bigarren tiroketa bat ere izan da Société Générale banketxearen inguruetan, eta auto gidari bat gatibu hartu du. Ustezko erasotzaileak ehizarako eskopeta bat eta granadak omen ditu.

Lehen gertaera goizeko hamarrak inguruan izan da Liberation egunkariaren erredakzioan. Gizonezko bat eskopeta batekin sartu da egunkari ezkertiarraren egoitzan eta tiroka hasi da. Argazkilari bat zauritu du, larri. Frantziako hainbat komunikabidek ezagutzera eman dutenez, erasotzaileak ihes egin du.

27 urteko argazkilariak Nex aldizkarian egiten du lan, eta, tiro bat jaso du, bularraldean. Ospitalera eraman behar izan dute.

Tiroketa La Défénsen

Bi ordu geroago, itxura bera zuen gizonezko batek tiroak egin ditu Société Générale banketxeak La Defénse finantza-zentroan duen eraikinaren inguruan.

Banketxeak jakitera eman duenez, ez da inor zauritu, baina eraikinaren hainbat leiho txikituta geratu dira.

Handik gutxira, auto gidari batek gatibu hartu dutela salatu du. Antza, Puteaux inguruan izan da gertaera, La Défensetik gertu. Frantziako komunikabideen arabera, erasotzaileak Eliseoko Zelaietatik gertu dagoen etorbide batera eramatera behartu du gidaria.

BFM TV telebistako gertaerekin zerikusia

Poliziaren arabera, gaurko erasoan erabili den munizioa eta joan den ostiralean BFM TV telebistaren egoitzaren aurka egindako erasoan erabilitakoa berdinak dira. Ostiralean, gizonezko bat telebistaren egoitzan sartu zen, eskopeta bat zeramala, eta hainbat kazetariri mehatxu egin zien.

Erosatzaileak ihez egin zuen, eta ez zuen inor zauritu. Poliziak 12 milimetroko kalibrea duten kartutxoak aurkitu zituen lurrean.

Manuel Valls Barne ministroak adierazi duenez, komunikabideen egoitzen aurrean poliziak jartzeko agindua eman du. Ministroaren hitzetan, gizonaren asmoa ''hiltzea'' da, ''duda barik''. ''Arriskutsua'' dela eta ezinegona zabaldu dela onartu du ministroak, eta herritarrei laguntza eskatu diete susmagarria atxilotzeko.

Webguneen aurkako erasoak

Bestalde, Liberation egunkariak bere webguneari egindako erasoak salatu ditu arratsaldeko lehen orduan. Twitter bidez eman du egoeraren berri egunkariak, eta ataria ezin dela berritu azaldu du. Liberation goizean izan diren gertaeren kontakizun zehatza egiten ari zen.

Société Générale banketxeak ere antzeko erasoak salatu ditu Twitter bidez. "Zenbait zerbitzutan zailtasunak izaten ari dira", adierazi du.

Arriskuaz ohartarazi du Hollandek

François Hollande Frantziako presidenteak astelehen honetan ohartarazi duenez, gaurko erasoen egilea ''berriz ere erailtzen'' saia daiteke, eta, ondorioz, segurtasun indar guztiak susmagarria aurkitzera bideratu dituztela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea