Mundua -

Urteurrena

Kennedy gogoratuko dute gaur, hil zutenetik 50 urte bete direnean

JFKren heriotzak oihartzun handia izan zuen eta 50 urteren bueltan Kennedyren inguruan sortutako mitoa handitu besterik ez da egin.

Kennedy-ren heriotzaren inguruan galdera asko oraindik erantzunik gabe

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Batuek John F. Kennedy presidente ohia gogoratuko dute gaur, hil zutela 50 urte bete direnean. Izan ere, mende erdia igaro den arren, Kennedyren heriotzaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du AEBetan. Bere heriotzak oihartzun handia izan zuen eta 50 urteren bueltan Kennedyren inguruan sortutako mitoa handitu besterik ez da egin.

Erlojuan eguerdiko 12:30ak zirenean, Kennedy Dallasera zihoan bere limusina ikusgarrian. Ibilgailuak Dealey Plazara biratu zuenean, hiru tiro entzun ziren. “Bat-batean, ‘pop’ entzun nuen. Eta gero ‘pop, pop’. Hiru tiro. Eta Kennedyren limusina segundo batzutan geratu egin zela ikusi genuen”, adierazi du Julian Readek, orduan Texaseko gobernadorearen bozeramailea zena.

Estatu Batuetan ezinegona eta kezka izan ziren nagusik, ordu erdi beranduago Malcolm Kilduff Etxe Zuriko bozeramaileak ospitaletik albistea eman zuen arte: presidentea 13:00etan hil zen.

Kennedy biziberritzen saiatu ziren arren, Ronald Jones ospitaleko kirurgia arduradunak ez zuen bere helburua lortu. Balak buruan eta lepoan zituen eta presidente ohiak odol gehiegi galdu zuen. “Seguruenik hasiera-hasieratik hilik egon da”, gogoratu zuen Jonesek.

‘Telebista heldu zen eguna'

Kennedy hil zutenetik 50 urte bete direnean, 1963ko azaroaren 22a AEBko telebista “heldu” zen eguna izan zela errepikatu dute askok. Gaur, 5.000 bat lagunek Dallasen egingo dioten omenaldian parte hartuko dute. Horrez gain, hainbat Estatutan ekitaldiak egingo dituzte.

Askok oraindik gogoratzen dute Walter Cronkite kazetariak albistea nola eman zuen: betaurrekoak kendu eta, kamarari begira, hitzok esan zituen: “presidentea orain dela 38 minutu hil da”.

Hurrengo lau egunetan, AEBko hiru telebista kateetan ez zuten beste gairik aipatu: gau eta egunez Kennedyren heriotza izan zuten hizpide. Bi egun beranduago, telebistak zuzenean emititu zuen Jack Rubyk Lee Harvey Oswald ustezko hiltzailea nola hil zuen.

Oswalden heriotzarekin, epaiketa egiteko aukera bertan behera geratu zen. Balizko erantzunak bilatzeko, Lyndon B. Jhonson presidente berriak Warren Batzordea sortu zuen. Batzorde horren ondorio nagusia, ustezko hiltzailea bakarra izan zela (Oswald bera), azken hamarkadetan askok zalantzan jarritako teoria. Herritarrek ez zuten sinesten pertsona bakar batek, arazo psikologikoak zituen gazte batek, AEBko presidentea hain erraz hil izana.

CIAk antolatutako konplota, Johnson presidenteordeak egindako plana, KGBren eta Fidel Castroren  arteko operazioa edota mafiaren mendekua izan ziren teoria nagusiak. Egun, dozeneka liburu argitaratu dira, gaia jorratuz. Hilabete honetan bertan, John Kerry AEBko Estatu idazkariak esan du “zalantza handiak” dituela Kennedyren heriotzaren inguruan.

Teoria nagusiek Oswaldek atentatua ez zuela bakarrik egin adierazten dute. Bestalde, inkesten arabera, herritar gehienek uste dute presidentea hiltzeko konspirazioa izan zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea