Mundua -

Erreferenduma Suitzan

Soldata altuei mugak jartzeari ezetz esan diote Suitzan

Galdeketa bat egin dute gaur, goi-mailako exekutiboen soldatei muga jartzeko, baina, lehen emaitzen arabera, % 65 ez daude ados neurri horrekin.

Soldatei buruzko galdeketan ezezkoa nagusitu da Suitzan. EITB
Galdeketa Suitzan
Soldatei buruzko galdeketan ezezkoa nagusitu da Suitzan. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galdeketa egin dute gaur Suitzan, soldata altuenei mugak jartzeko, eta ezezkoak irabazi du. Goi-mailako exekutiboek hilabete bakarrean soldatarik baxuena duen langileak urte osoan irabazten duena baino gehiago ez jasotzea lortu nahi zuten erreferendumaren antolatzaileek. Neurri hori onartuz gero, milioiak irabazten dituzten agintarien soldatak asko murriztuko lirateke.

SRF telebista-kate suitzarrak aditzera eman dituen lehen emaitzen arabera, ezezkoak botoen % 65 lortu ditu. Suitzako alderdi sozialdemokratako (JUSO) gazteek sortutako 1:12 Bidezko Soldata Baten Alde izeneko egitasmoak erreferenduma egiteko beharrezkoak diren 100.000 sinadura jaso zituen.

Bizi-maila altua du Suitzak, eta berdintasunezko gizartea da nagusi. Hala ere, azken urteetan herritarren protestak biderkatu egin dira, prestakuntza maila baxua duten langileen eta goi-mailako exekutiboen soldaten arteko aldea dela eta.

Mugaketaren aurka agertu dira, besteak beste, Suitzako Gobernua eta herrialdeko enpresa handiak. Horien ustez, neurri horrek lehiakortasunari kalte egingo lioke, enpresek herrialdetik alde egin beharko lukete, kaleratzeak eragingo lituzke eta zergen igoera eta gizarte segurantzari eginiko ekarpenen murrizketa ekarriko lituzke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Suitza Soldatak gaur