Mundua -

Helikoptero istripua

Beste gorpu bat aurkitu dute Glasgown, hondakinen artean

32 zaurituetako 14 larri daude, eta litekeena da oraindik biktima gehiago izatea. Istripua izan zuen helikopteroaren modelo batzuk erretiratu egin dituzte zenbait lekutan, segurtasun arazoak medio.

Biktima gehiagoren bila jarraitzen dute. Argazkia: Efe
Biktima gehiagoren bila jarraitzen dute.
Biktima gehiagoren bila jarraitzen dute. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak ohartarazi du "luze" joko duela Glasgowko pub baten gainean erori zen helikopteroaren biktimak bilatzeko lanak.

Eskoziako Poliziaren koordinaziopean, mediku zerbitzuak eta suhiltzaileek pubaren hondakin artean bilatzen jarraitzen dute, gorpu gehiago izango ote den beldur baitira. Ezbeharra gertatu zenean 120 pertsona zeuden bertan. Horrela, gaur beste gorpu bat aurkitu dute hondakinen artean, baina identifikatu arte, ez dute baieztatu nahi istripuaren biktima den ala ez.

Eskoziako Poliziaren EC135 Eurocopter helikopteroa ostiralean erori zen pub baten gainean, eta oraingoz, zortzi hildako eta 32 zauritu izan direla jakinarazi dute. Zaurituetako 14k larri jarraitzen omen dute ospitalean.

Zortzi hildakoen artean helikopteroan zihoazen bi polizia eta pilotu zibila daude, eta gainerakoak tabernako bezeroak ziren, Stephen House inspektoreak baieztatu duenez.

"Ahalegin handia egiten ari gara gorpuak bilatzeko, baina, segurtasun arazoak medio, luze joko duela uste dugu", adierazi du Poliziak.

Izan ere, pubaren egitura oso kaltetuta dago eta habeak jarri behar dituzte eusteko, eta barruko txoko guztietan begiratu ahal izateko.

Gaur, biktimen omenezko meza egingo dute Glasgowko katedralean, eta bertan izango da, besteak beste, Kenny MacAskill Eskoziako Justizia ministroa.

Istripua nola gertatu zen ikertzeko, Poliziak Eurocopter ekoizlearen eta Bond Air Services alokairu zerbitzua ematen duen enpresaren laguntza izango du. The Guardianen argitaratu dutenez, helikoptero horren modeloa kendu egin zuten denbora tarte batean, segurtasun arazoak ematen zituelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea