Mundua -
Ukraina
Janukovitxek ez du agenda aldatu eta Txinara joango da protesta artean
Milaka pertsona Kieveko kaleetan daude azaroaren 21etik protestan, eta, geroztik, ehunka pertsona zauritu dira, hainbat atxilotu dituzte eta liskarrak izan dira Ukrainako hiriburuan.
Erredakzioa
Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak baieztatu duenez, ez du agenda aldatuko eta Txinara joango da gaur, asteartea, nahiz eta herrialdean 2004an Iraultza Laranja egin zutenetik inoiz izan den protesta handienak izaten ari diren.
Telebistan egindako elkarrizketa batean, presidenteak esan du lau eguneko bidaia egingo duela Txinara, kateak berak gaineratu duenez.
Ukrainan protesta handiak egiten ari dira, Janukovitxek Europar Batasunari lotzeko akordio bat baztertu zuenetik Errusiarekiko harremanen alde eginda. Milaka pertsona Kieveko kaleetan daude azaroaren 21etik protesta egiten, eta, geroztik, ehunka pertsona zauritu, hainbat atxilotu eta liskarrak izan dira Ukrainako hiriburuan.
Halaber, Nikolai Azarov Ukrainako lehen ministroak esan zuenez, oposizioko kideak Kieven egiten ari diren protestak "kontroletik kanpo" daude.
Europar Batasuneko, AEBko eta Kanadako enbaxadoreekin bilera egin zuen Azarovek Kieven. "Gobernuak esku artean duen informazioaren arabera, Parlamentuko eraikina indarrez hartzeko prestatzen ari dira", adierazi zuen lehen ministroak.
"Egoera aldatu egin da. Segurtasun indarrei ez diegu ardurarik kenduko, baina ekintza hauetara gehitu diren politikariek egoera erradikalizatu egin dute", esan zuen.
Protesta ekintzak "jendetsuak" izatetik "kontroletik kanpo" egotera igaro direla azpimarratu zuen, "edo, hobe esanda, indar politiko zehatz batzuek zuzenduta".
Ateak irekita jarraitzen duela dio EBk
Bestalde, Europar Batasunak argi utzi du berak egin zuen eskaintzak mahai gainean jarraitzen duela, betiere, Kievek horretarako asmoa agertzen badu eta hitzarmenaren baldintzak onartzen baditu.