Mundua -

Afrika Erdiko Errepublika

Frantzia, Afrika Erdiko Errepublikan militarki sartzeko prest

Nazio Batuen Erakundeak aho batez onartu du Frantziako tropak eta Afrikako indarrak Afrika Erdiko Errepublikan sartzeko erabakia.

Nazio Batuen Erakundean egindako bozketa
ONU
Afrika Erdiko Errepublikan interbentzio militarra egitea baimendu dute

0:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tropa frantsesak eta afrikarrak, Nazio Batuen Erakundearen baimenarekin, datozen orduetan sartuko dira Afrika Erdiko Errepublikan. Gaur, 50 lagun hil dira gutxienez François Bozizé presidente ohiaren jarraitzaileen eta segurtasun indarren artean izandako liskarretan.

“Egoeraren larritasuna kontuan izanda, gaur gauean bertan sartzea erabaki dut, afrikarrekin elkarlanean eta Europako kideen babesean”, adierazi du François Hollande Frantziako presidenteak. Egoera aztertzeko defentsa kabinetea deitu du arratsaldean.

NBEren Segurtasun Kontseiluak erabakitakoaren arabera, Frantzia eta Afrikako indarren helburu nagusia Bangui hiriburua izango da. Hiriburuan bizi den egoera egonkortu ondoren, herrialdean zabalduko dira ordena ezartzeko. Helburu nagusia herritarrak babestea da.

NBEren ebazpena

NBEren Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu du ebazpena. Horren arabera, Frantziako tropak eta Afrikako indarrak (Misca) Afrika Erdiko Errepublikan sartuko dira herritarrei laguntzeko eta egoera bere onera ekartzeko.

Europar Batasunak ere babesa eskaini dio interbentzio militarrari eta ekarpena egiteko, batez ere ekonomikoa, prest agertu da.

Gerard Araud NBEko Frantziako enbaxadoreak jakitera eman duenez, Afrikako 4.000 soldadu joango dira Afrika Erdiko Errepublikara eta Frantziako 1.000 soldaduren babesa izango dute. Egoeraren arabera, soldadu kopurua handitu liteke.

Segurtasun Kontseiluak hartutako erabakia Michel Djotodia Afrika Erdiko Errepublikako presidenteak Hollanderi “premiazko” interbentzioa eskatu ondoren heldu da.

Liskarrak Banguin

Gutxienez 50 lagun hil eta ehun zauritu dira Banquin izan diren liskarretan, Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak jakitera eman duenez.

“Anti-Balaka” (Bozizé presidente ohiaren aldeko kristauak) miliziek kaosa zabaldu dute hiriburuan eta eraso ugari izan dira.

Afrika Erdiko Errepublika ezegonkortasun egoeran dago 2012 urte amaieratik. Séléka taldearen inguruko musulman matxinoak Bozizé presidentearen aurka altxatu ziren, 2007ko bake akordioak errespetatu ez zituela eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea