Mundua -

Hauteskundeak bihar Venezuelan

Venezuelako udal-hauteskundeak, erabakigarriak presidentetzarako

Madurok presidentetza bermatzea nahi du biharko hauteskundeetan; Caprilesek, aldiz, oposizioaren estrategia balioztatzea.

19 milioi venezuelarrek 335 alkate hautatuko dituzte bihar. EFE
19 milioi venezuelarrek 335 alkate hautatuko dituzte bihar. EFE
19 milioi venezuelarrek 335 alkate hautatuko dituzte bihar. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19 milioi venezuelarrek bozkatzeko aukera izango dute biharko udal-hauteskundeetan. Presidentetzarako erabakigarriak izango dira emaitzak, apirilaren 14ko hauteskundeetako emaitza estuak direla eta. Nicolas Maduro presidenteak bere kargua bermatzea nahi du biharko hauteskundeetan. Henrique Capriles oposizioko liderrak, aldiz, bere estrategia balioztatzea du xede.

355 udal-alkate, metropoli-alkate bat, barruti-alkate bat eta herrialde osoko 2.500 zinegotzi inguru hautatuko dira bihar.

Hauteskunde horiek arruntak izan ohi dira, baina biharkoak garrantzitsuak izango dira, bai Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko (PSUV) buruarentzat, baita Batasun Demokratikoko Mahaia (MUD) koalizioarentzat ere. Biek ala biek euren nagusitasuna erakutsi nahi dute egunetik egunera ideologikoki zatiketa handiagoa duen gizartearen aurrean.

Testuinguru hori kontuan izanda, udal-hauteskunde horiek 14 urtez chavismoaren eskutik joan den gizartearen berdinketa apurtzeko balioko lukete, dela ofizialismoaren eskutik, dela oposizioaren eskutik.

Caprilesen arabera, ofizialismoari irabazteko duen aukera nagusia oposizioaren aldekoak masiboki bozkatzea joatea da. Aukera arriskutsua da, udal-hauteskundeetako parte-hartzea baxua izan ohi delako. Inkesten arabera, abstentzioa % 40 ingurukoa izango da bihar.

"Nire jarraitzaileentzat beharrezkoa da bihar botoa ematea. Bozkatzea eskubide bat da, baina gure herrialdeak bizi duen egoera kontuan izanda, beharrezkoa da. Diziplinatuak izan eta aldatzeko nahia argi azaldu behar dugu", esan du Caprilesek.

Oposizioko liderrak gehitu duenez, "venezuelar bat bera ere ezin daiteke zalantzati egon bihar. Ez bozkatzeak botoa Gobernuari oparitzea esan nahi du".

"Gerra ekonomikoa"

Maduroren hauteskunde estrategia balizko "gerra ekonomiko" baten aurkako "Gobernu erasoa" izan da. Izan ere, presidentearen ustez, "Venezuelako eskuinak" Kolonbia eta Estatu Batuekin batera plan bat burutu du, anabasa sortu eta Gobernua ezegonkortzeko.

Oinarrizko produktuen hornidura etetea leporatu dio Madurok oposizioari. Hori dela eta, Gobernuak milaka komuneko paper biribilki erosi behar izan dizkie zonalde aliatuei, inportazioa kaltetuz. Inflazio altua (urteko % 55 ingurukoa da) eta "sabotaje elektrikoa" ere egotzi dizkio Caprilesen alderdiari. Azken hori dela eta, energia mozketak gertatzen dira sarri Venezuelan, baita Caracas Handia zonaldean ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea