Mundua -
Hauteskundeak
Maduroren alderdiak irabazi du Venezuelako udal hauteskundeetan
Hautagai sozialistek botoen % 49,2 eskuratu dituzte; eta oposizioko hautagaiek, % 42,7.
Erredakzioa
Chavismoak irabazi ditu Venezuelako udal hauteskundeak, 5,1 milioi boto (botoen % 49,2) jasota, eta Batasunaren Mahaiak, oposizioko alderdi nagusiak, hauteskunde hauek Nicolas Maduro presidentearen lana baloratzeko aukera gisa aurkeztu zituenak, 4,4 milioi boto (% 42,7) jaso ditu.
Hauteskunde-eguna asko luzatu da; izan ere, eskola askotan ilara luzeak zeuden botoa emateko, eta arauak dio denek botoa eman arte ezin direla hauteslekuak itxi.
Maduro gustura agertu da jasotako emaitzarekin, "ezegonkortasunaren aurrean" demokraziak lortu duen garaipena izan dela iritzita. "Lorpen honi esker, bakea eta egonkortasuna izango ditugu Venezuelan, eta aurten eta 2014an egiteko dugun lana burutzeko aukera izango dugu", adierazi du Madurok bere jarraitzaileen aurrean.
"Gure garaipena berme bat da; imajina ezazue zer gertatuko litzatekeen eskuindarrek irabaziz gero", gaineratu du, oposizioak presidentetzarako hauteskunde gisa aurkeztu zituela gogora ekarrita.
Oposizioak "18 hilabetetan jaso duen laugarren porrotaren aurrean zer egin behar duen galdetzen diot neure buruari", esan du Madurok presidentetzarako azken bi hauteskundeak eta eskualdeetako hauteskundeak gogoan hartuta.
Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionalak jakitera eman duenez, chavismoak 196 alkatetza lortu ditu, eta oposizioak, 53. Parte-hartzeari dagokionez, % 58,9koa izan da, 19 milioi herritarrek eman baitute botoa.