Mundua -
Marihuanaren legeztatzea
NBE: 'Uruguaik marihuana legeztatu izanak tratatuak urratzen ditu'
Legea idatzi eta izapidetzean Uruguaiko Gobernuaren eta erakundearen artean egon den elkarrizketa eza deitoratu du Nazio Batuen Erakundeak.
Erredakzioa
Drogen inguruko nazioarteko hitzarmenak betetzea aztertzen duen Nazio Batuen Erakundeko organoak Uruguaiko Gobernua ohartarazi du marihuanaren ekoizpena, salmenta eta kontsumoa legeztatzen duen legearen inguruan. NBEren arabera, lege horrek Hego Amerikako herrialdeak ere sinatu dituen nazioarteko tratatuak urratzen ditu.
Prentsa-oharra kaleratu du Estupefazienteak Fiskalizatzeko Nazioarteko Batzordeak (JIFE). Batzordeak deitoratu egin du "drogei buruzko nazioarteko hitzarmenetan parte hartzen duen herrialde batek marihuanaren inguruan horrelako lege bat onartu izana". JIFEren aburuz, legea onartzerakoan ez dute horrek gizartean eta osasunean izango duen eragin kaltegarria aintzat hartu.
Raymond Yans JIFEko presidentea "harritu" egin du "nazioarteko lankidetza eta nazioarteko zuzenbide-estatua sustatzen kide aktiboa den gobernu batek mundu osoan adostutako legezko xedapenak urratzea erabaki izanak, horren jakitun izanda".
Legegileek Uruguaiko zientzialariek egindako ekarpenak kontuan hartu ez izana ere salatu du Yansek. "Marihuanaren ekoizpena, salmenta eta kontsumoa legeztatzeak drogaren merkatu beltzari eta krimenari aurre egiteko balioko duela uste izatea uste prekarioa eta oinarririk gabekoa da", gaineratu du.
Halaber, legea idatzi eta izapidetzean Uruguaiko Gobernuaren eta erakundearen artean egon den elkarrizketa eza deitoratu du JIFEk.