Mundua -
Barne gatazka
Ipar Koreak Erregimenaren 'bigarrena' exekutatu du
Exekutatutakoa Kim Jong-un diktadorearen osaba zen, eta botere handia pilatu zuen. Traizioa egotzi diote.
Erredakzioa
Ipar Koreak Kim Jong-un buruaren osaba eta Erregimenaren 'bigarrena', Jang Song-thaek, exekutatu du, traizioa egotzita, KCNA herrialde horretako albiste agentzia ofizialak jakinarazi duenez.
Astelehenean, Jang Song-thaek kargutik kendu zuten, "drogak kontsumitzea eta dirua kasinoetan xahutzea" leporatuta. Kim Jong-un duela bi urte agintera heldu zenetik jazotako aldaketa politiko handiena izan zen hori, osaba politikari boteretsua zelako.
Atzo bertan exekutatu zuten, epaitegi militar batek heriotza zigorra ezarri eta gero.
"Jang Song-thaekek boterea bidegabe bereganatu zuen, eta luzaz oposizioa egin duen talde bateko buru izan zen", KCNAren albistearen arabera.
Agentzia ofizialak zehaztu duenez, gainera, diktadorearen osabak "konplot bat egin zuen, Estatua eta alderdiaren zuzendaritza bide zikinetatik erorarazteko eta botere osoaz jabetzeko".
Ipar Korean hainbat hamarkadatan exekutatu duten lehen goi-karguduna izan da Jang Song-thaek. Kim Jong-il zenaren (egungo buruaren aita) arrebarekin ezkonduta zegoen, eta, adituen ustez, herrialdean azkenaldian martxan jarritako erreforma ekonomikoen sustatzailea izan zen.