Mundua -
Gobernu berria Alemanian
Angela Merkel kantziler izendatu dute, hirugarrenez
Sozialdemokratekin koalizioan gobernatzea adostu eta gero, babes zabala lortu du Parlamentuan.
Erredakzioa
Angela Merkel hirugarrenez izendatu dute gaur Alemaniako kantziler, Alemaniako Parlamentuan babes zabala lortuta.
Hain zuzen ere, 631 parlamentarietako 462k bozkatu dute haren alde, beste lau urtez agintzen jarrai dezan.
Duela hiru aste, Merkelek "itun zabala" adostu zuen sozialdemokratekin koalizioan gobernatzeko, bere agintaldiko lehen legegintzaldian bezala.
Guztira, koalizioak 504 eserleku ditu Bundestagen. Horrenbestez, bozketaren emaitza ikusita, bistakoa da alderdi horietako hainbat parlamentarik ez dutela izendapena babestu.
"Onartu egiten dut izendapena, eta eskertu egiten dut konfiantza", esan du Merkelek, Norbert Lammert Parlamentuko presidenteak bozketaren emaitzaren berri eman eta gero.
Koalizio hau Bigarren Mundu Gerraz geroztik Alemanian sinatutako hirugarrena da, 60ko hamarkadan Kurt Georg Kiessingerrek gidatutakoaren eta 2005-2009 legegintzaldian Merkelek berak adostutakoaren ostean.
Akordio honekin, oposizioak 127 eserleku izango ditu, Ezkerra eta Berdeak baitira Gobernuan sartu ez diren alderdi bakarrak.